Hasier Etxeberria idazle eta kazetaria hil da

Bizkaie! 2017-03-29 13:07   Kulturea

59 urtegaz hil da, minbiziak jota. Arpegi ezaguna zan berea, ETBn aurkezle zan eta. Kazetaritzako beste alor batzuetan be nabarmendu zan eta hainbat liburu idatzi zituan.

Hasier Etxeberria (argazkia: EITB) | Ikusi handiago | Argazki originala

Literaturea zan Hasier Etxeberriaren pasino nagusia, irakurtzea eta idaztea. Horregaitik, haren heriotzeak erreakzino ugari eragin ditu euskal letretan. Kazetaritzan ere aspalditik ebilen: 1983an hasi zan ETBn lanean, telebista publikoa sortu eta batera. Hainbat saiotan gidoilari eta aurkezle izan zan.

Hain zuzen, Sautrela saioa zuzentzen eta aurkezten bateratu zituan bere pasino handi biak Hasier Etxeberriak. Literaturearen inguruko telebistako programa horrek ezagun egin eban euskaldunen artean, literatura zale izan zein ez. 1999an hasi zan Sautrela, 2012tik 2013ra ez zan emitidu eta, gaur egun, bigarren aldian sartuta dago. Beñat Sarasola izan da aurkezlea azkenaldion, Hasier Etxeberriaren gaixotasunak aldaketea behartu eban eta.

Telebistatik kanpo be, ekimen handiko gizona izan zan Etxeberria. Artikuluak idazten, esate baterako. Ganera, Euskaldunon Egunkaria sortzeko batzordean egon zan eta, 2009an, Zuzeu atari digitala sortu eban. Zuzeun bertan gogoeta ugari plazaratzen zituan Etxeberriak (azkenaldion, baita bere minbiziari buruzkoak be), eta guneko dinamizatzaileetako bat zan.

Idazle lanean Hasier Etxeberriak egindako ekarpena be ezin da ahaztu. Narrazinoa eta nobelea idatzi zituan, umeentzat zein helduentzat. 1988an argitaratu eban lehenengo nobelea, Mugetan. 2003koa da Eulien Bazka, sasoi haretako euskal nobela esanguratsuenetako bat. 1997koa da, bestalde, Karramarroaren aztarnak narrazinoa.

Sari literario ugari irabazi zituan: Gabriel Aresti saria, Irun Hiria lehiaketea eta abar. Bestetik, Rikardo Arregi kazetaritza saria be emon eutsien, 1993an.

1957ko apirilean jaio zan Hasier Etxeberria, Elgoibarren. Zuzeu atarian azaldu ebanez, aspaldi izan eban minbizia eta oraintsu barriro agertu jakon. Hasikera baten gaixotasuna gainditzekotan egon bazan be, azkenaldion gaiztotuta berragertu jakon. 60 urte betetear zala hil da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu