Bizkaia-Bizkaialde Fundazinoak urteko batzarra egin dau klub eta enpresakaz

Bizkaie! 2017-03-28 10:27   Kulturea

Bizkaiko kirola bultzatzeko helburua dau Bizkaia-Bizkaialdek. 43 enpresa, 25 klub eta 28 taldetako ordezkariak egon dira Guggenheim Museoan antolatutako topaketan.

Erakundeetako, enpresetako eta kirol klubetako ordezkarien talde argazkia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Herrialdeko goi mailako kirola bultzatzeko fundazinoko kideek eta babesleek egiten daben ahalegina nabarmendu dabe Guggenheimeko batzarrean batu diranek. Lorea Bilbao Bizkaia-Bizkaialdeko patronatuko buru eta Bizkaiko Kultura diputaduak gidatu dau ekitaldia.

Funtsezkoa da kirolaren giharra indartzea, lanean segitzea eta kirol diziplina bakotxaren gorenean egoteko ahaleginean jarraitzea, adierazo dau Lorea Bilbaok, horretarako lankidetzak garatzea beharrezkoa da. Izan be, erakundeek, enpresek eta kirol taldeek bat egiten dabe Bizkaia-Bizkaialden. Instituzino publikoak eta enpresak dira babesle nagusiak; onuradun nagusiak, ostera, klubak eta kirol alkarteak dira.

Kirolak Bizkaian behar gaitu lelopean, eliteko kirol klubei laguntzen deutsie fundazinoak. 2016-17 denporaldian, esaterako, miloe bat euro baino gehiagoko laguntzinoa banatuko dau Bizkaia-Bizkaialdek herrialdeko goi mailako kluben artean: 18 kirol modalidadetako 25 klub dira onuradunak. 28 talde dira guztira: 15 emakumezkoenak, 12 gizonezkoenak eta misto bat.

Era askotako kirolak babesten ditu Bizkaia-Bizkaialdek, baina klub guztiek daukie ezaugarri bat, hau da, euren kirolean goi mailan lehiatzen dirala. Jardun arrakastatsu horregaz segidu ahal izateko laguntzinoa da fundazinoarena. Besteak beste, Sestaoko xake taldea, Gernika KESB saskibaloi taldea, Zuazo eskubaloi taldea, San Inazio beisbol taldea, hainbat txirrindularitza talde, arraunaren lehen mailan dabizan traineruak eta Athleticen nesken taldea dagoz zerrendan.

Babesleen artean, ostera, Bizkaian egoitzea daukien enpresa pribaduak dira gehienak. Erakunde publikoek eta Athletic Clubek be aportazinoa egiten dabe. Guztira, 43 babesle dagoz gaur egun. Bilboko Guggenheim Museoan egindako urteroko batzarrean, enpresetako eta erakundeetako ordezkariakaz alkartzeko aukerea izan dabe kirol klubetako kideek. Talde argazkia atera eta aurrera begirako asmoak adostu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu