Bilborock aretoak eskaintzea barrituko dau 20. urteurrenean

Bizkaie! 2017-03-28 08:06   Kulturea

Hamarkada biko tartean, ia 5.000 jarduera egin dira Bilborocken. Parte-hartze prozesua zabaldu dau Bilboko Udalak, aretoaren hurrengo urteetako norabidea zehazteko.

Eleiza barrokoa izandako eraikin baten dago Bilborock | Ikusi handiago | Argazki originala

Mesedeetako eleizea egon zan eraikin barrokoa erosi eban 1990eko hamarkadan Bilboko Udalak, gazteen astialdirako gunea sortzeko asmoz. Holan jaio zan Bilborock eta, hamarkada bi geroago, 20. urteurrenaren harira, barritzeko ordua heldu jako. Gazteei begirako azpiegiturea danez, gazteei emon jake ahotsa, aretoaren hurrengo urteetako eskaintzea erabagitzeko.

Bilboko Udalak azaldu dauenez, Bilborock uriaren bihotzean dago eta jarduera handiko gunea da: Hogei urtean 1.620 kontzertu, 1.350 antzezlan eta 370 proiekzino egon dira, besteak beste. Guztira, ia 5.000 emonaldi. Horrek jente asko erakarri dau, 900.000 baino gehiago, Udalaren kalkuluen arabera.

2015-2019 aldirako Gobernu Planak ezartzen dauen moduan eta Bilbao Gazte proiektu estrategikoaren bitartez, prozesua hasi dau Udalak, gazteek parte hartu daien. Eraikinak gazte izateko daukan bokazinoa azpimarratu da prozesuan eta, ondorioz, gazteen ekimenen eskura jarri dira ekipamenduko erabilerak: eszenatokia, entseguetarako gelak, batzargelak, proiekzino eta soinu ekipoak eta abar. Rocka eta askoz gehiago lelopean, erreferentzia izango da Bilboko gazteek eta gazteen alkarteek proposamen sortzaileak sustatu, ezagutu, erakutsi eta esperimentau ahal izan daiezen.

Udalaren Gazteria eta Kirol Sailak sustatutako BilborockLab prozesua udal eragileen, aretoa kudeatzen dauen taldearen, uriko eragileen eta Bilborocken parte hartzen daben gazteen partaidetzearen emoitzea da. Orain arte 29 elkarrizketa espezifiko egin dira Bilboko gazteakaz, etorkizuneko Bilborock aretoa zehazteko. 378 persona sare sozialetan ibili dira eta ia 1.000 mezu heldu dira Twitter sare sozialetik. Guztira 155 ekimen jaso dira. Ganera, topaketea be egin dabe eta 69 eragile kulturalek parte hartu dabe.

Gogoeta prozesu honetatik urtengo dauen Bilborock barria zelakoa izango dan aurrikusteko, Plan Estrategikoa egin dau Udalak, gazteakaz eta eragileakaz egindako gogoetan ateratako ondorioak aintzat hartuta. Plan horretako zutabeetako bat zera da, Bilborock gazteentzako erreferentzia izan behar dala aurrerantzean be. Programazinoa, ganera, sorkuntzara eta barrikuntzara begirakoa izango da.

Espazioaren erabilerearen ganeko proposamenak bideratzeko, talde eragile bat sortu da. Bilborockeko proiektua ondo ezagutzen daben zortzi lagun dagoz hor: Alba Vidal, Kaostika, Xabier del Campo, Ana Abarrategi, Ana San Miguel, Nagore Gonzalez, Asier Quesada eta Jagoba Ormaetxea.

Beste alde batetik, Bilborock topagune izatea beharrezkoa dala ikusi da parte-hartze prozesuan. Lankidetzara joten dabe gazteek, gero eta eklektikoagoak diran prozesu sortzaileetan eta Bilborock jokera horren bilgune izatea da asmoa. Bilborocken gazteek alkar topatzeko aukerea sortzea eta lankidetzarako espazioa emotea ezinbestekoa da.

Hogei urte bete eta gero, Bilborock gazteen erreferentzia izatea da helburua. Horretarako, jasotako proposamen batzuk praktikan jarten hasi dira. Esaterako, ordutegia luzatzearen eskariari, #BilbaoGazteNight ekimenagaz erantzun deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu