Musikea eta zinemea alkartuko ditu BOSek eguaztenean Arriaga antzokian

Bizkaie! 2017-03-27 13:41   Musikea

Nosferatu film mutuaren proiekzinoan zuzeneko musikea ipiniko dabe Bilboko Orkestra Sinfonikoko artistek. José María Sánchez Verdúk sortutako doinuak joko ditue.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemagintza klasikoaren harribitxietako bat da Nosferatu, W.F. Murnauk 1922an zuzendutako filma. Bildurrezko zinemearen aitzindarietako bat da. Okultismoari eginiko erreferentzia ugari ditu eta, horren eraginez, sasoi haretako epaile batek pelikulearen negatiboak eta kopia guztiak suntsitzeko agindu eban. Azkenean, epailearen agindua ez zan bete eta gaur egunera arte heldu da Murnauren filma.

Orain dala ia ehun urteko pelikulea dan ezkero, Nosferatu mutua da. Horregaitik, BOSen zeregina izango da proiekzinoa musikaz hornidutea. BOSek berak eta Arriaga antzokiak produzidu dabe emonaldia eta denporaldiko proposamen berezienetako bat izango dala agindu dabe. Zinema-proiekzino baten eta kontzertu baten arteko fusinoa izango dala dinoe BOSek eta Arriagak.

Nacho de Paz zuzendari dala, 2003an José María Sánchez Verdúk Nosferatu-rako sortutako partiturea joko dabe musikariek Arriagan. Orkestrarako eta emakumeen ahotserako moldatutako piezea da Sánchez Verdúrena eta era aproposean bat egiten dau filmaren nortasunagaz. Argumentuaren gorabehera psikologikoak, erritmoa, sekuentzia aldaketak eta abar agertzen ditu musikeak. Filma inoz baino ilunago eta bildurgarriago entzun ahal izango da, produkzinoaren bultzatzaileen esanetan.

BOSeko musikariez gan, Musikene goi mailako ikastegiko sei ikaslek parte hartuko dabe emonaldian. Sei emakume ahots interpretauko ditue. Musikene Ahotsak taldeko kideak dira kontzerturako aukeratutako sei neskak.

Nosferatu filmaren proiekzinoa eta BOSen aldi bereko kontzertua eguaztenean, martiak 29, izango da, 20:00etan, Bilboko Arriaga antzokian. Sarrerak salgai dagoz antzokiaren txarteldegian eta webgunean, 7,50 eta 24 euro bitartean.

'Nosferatu' filmeko fotograma bat

2017/03/29 20:00

Bilboko Arriaga antzokian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu