Alicia Koplowitzen bildumea Bilboko Arte Eder Museora helduko da udan

Bizkaie! 2017-03-27 11:37   Kulturea

Oraintsu arte publikoari erakutsi bako 90 pieza inguru ekarriko ditu Arte Eder Museoak. Garagarrileko bigarren hamabostaldian egingo da inaugurazinoa.

'La celestina y su hija', Francisco de Goyarena, Bilbon ikusi ahal izango da (argazkiak: Bilboko Arte Eder Museoa / Alicia Koplowitz-Grupo Omega Capital) | Ikusi handiago | Argazki originala

Alicia Koplowitzek Europako bildumarik esanguratsuenetako bat eratu dau urteotan. Antxinako zein gaur egungo piezak batu ditu, herrialde askotako autoreenak, formatu eta estilo ugaritakoak. Alicia Koplowitz-Grupo Omega Capital izeneko bildumea ez da publikoak ikusteko moduan egon oraintsu arte, Parisko Jacquemart-André museoan erakusketa bat antolatu dan arte hain zuzen.

Parisen bildumako 53 artelan ikusi ahal izan dira eta Bilbon, ostera, 90 bat izango dira. Espainian publikoari sekula erakutsi bako obrak dira. Arte Eder Museoak aurrerago jakin eragingo dau zehatzago noz izango dan erakusketea (inaugurazinoa garagarrilaren amaieran izango dala dino). Miguel Zugaza zuzendaritzara bueltau danetik, museoak iragarritako lehenengo erakusketa handia da Alicia Koplowitzen bildumearena. Joan dan astelehenean hasi zan Zugaza kargu barrian.

Alicia Koplowitzek azken hamarkadotan batutako obrak danetarikoak dirala esan leiteke. Zaharrenak 16. mendekoak dira eta barrienak, garaikideak. Bilbora, mende horreetako guztietako 90 margolan ekarriko ditue eta, ganera, Antxinaro klasikoko eta gaur egungo eskultura batzuk be bai, museoak aurreratu dauenez.

Koplowitz espainiarra dan ezkero, herrialde horretakoak dira bildumako autore asko. Baina beste leku batzuetakoak be badagoz. 16 eta 17. mendeko maisu espainiarren artean, Pantoja de la Cruz, Morales, Zurbaran eta Arellano nabarmendu behar dira. 18. mendekoen artean, Francisco de Goyaren lanak dira aitagarrienak. Mende horretakoak dira, era berean, Guardi eta Canaletto italiarrak, besteak beste.

Obra barriagoen artean, 19. mendeko abangoardien ordezkariak daukaz Koplowitzek: Van Gogh, Gauguin, Toulouse-Lautrec... 20. mendeko zerrendea be ez da atzean geratzen: Picasso, Juan Gris, Antonio López, Tàpies, Giacometti, Mondriaan, Modigliani, De Kooning, Rothko, Cy Twombly, Louise Bourgeois eta beste asko. Euskal artisten lanak be ikusi ahal izango dira Bilbon, Oteizarenak eta Txillidarenak hain zuzen. 

 

'La Rousse au pendentif' (1918), Amedeo Modigliani
'Seated figure (classic male)', 1940. Willem de Kooning

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu