Abian da Booktuberboom, euskerazko booktuberren lehiaketea

Bizkaie! 2017-03-24 11:42   Euskerea berbagai

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteentzako sariketea da, EAEko Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri alkarteak antolatua. Euskerazko liburuen inguruko booktubeak sortu beharko ditue parte-hartzaileek.

Gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzea da Booktuberboom lehiaketearen helburu nagusia. Horretarako, belaunaldi barrien artean pil-pilean dagoan formatu bat aukeratu dabe antolatzaileek, booktubea hain zuzen. Liburu baten kritikea edo iruzkina egiten dauen bideo laburra da booktubea, irakurleak bere etxean grabautakoa eta sare sozialen bidez zabaldutakoa (normalean, YouTube plataformearen bidez, hortik jatorko izena fenomenoari).

Parte-hartzaileek egin beharko dabena, hain zuzen, booktubeak grabetea eta interneten zabaltzea izango da. Kasu honetan, euskerazko liburuen ingurukoak izango da bideoak. Euskal Autonomia Erkidegoko 14 eta 18 urte bitarteko neska-mutilek parte hartu leikie sariketan. 2017an zehar egingo da, EAEko Liburutegi Sarearen bidez. Lehenengo edizinoa da aurtengoa.

Euskal Booktuberren plataformea sortzea dago antolatzaileen asmoen artean, edo horretarako lehenengo hazia landatzea behinik behin. Booktuber fenomenoak gazteen artean izan dauen arrakastea ikusita, irakurzaletasuna eta euskerazko liburuak bultzatzeko ekimen aproposa dala uste dabe Liburutegi Sareak eta Galtzagorrik.

Antolatzaileek dei egin deutsie gazteei lehiaketara batzera. Urriaren 24ra arte parte hartu leikie, beraz astia badago. Gazteak animau daitezan, booktuber kedadak, edo hitzorduak, egingo ditue hainbat herritako udal liburutegietan: Maiatzaren 5ean Arrasaten; maiatzaren 12an Tolosan; eta maiatzaren 19an Bilboko Deustua auzoan. Lagunarte giroko topaketak izango dira, eta gazteek booktuber fenomenoa hurragotik ezagutu ahal izango dabe.

Sari mundialak egongo dirala aurreratu dabe antolatzaileek: Go Pro kamerea, liburuak erosteko bonoak eta abenturazko esperientziak. Epaimahaiaren eta publikoaren sariak egongo dira.

Lehiaketan parte hartzeko oinarriak, hemen.

Lehiaketearen barri bideoan be emon dabe, ikusi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu