Euskalmetek metereologiaren inguruko euskerazko bankua eguneratu dau
2017-03-24 08:22 Euskerea berbagaiEguraldiagaz lotutako 1.421 terminoren definizinoak egokitu dira, esangura zehatzagoa emoteko. Euskalmet agentziako metereologo bik egin dabe eguneraketea, UZEIk eskatuta.
Metereologiaren arloan dagoan arazorik handienetako bat da, euskerazko terminologia bateratu eta homogeneizadurik ez dagoala. Horregaitik, funtsezkoa da Euskalmetek aurkeztu dauen lana. Eguraldiagaz lotutako kontzeptuak batu eta definizino egoki bat emoteko bidean, 1.421 termino gaurkotu dira. Donostian emon dabe barrikuntza horren barri Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Eguzkiñe Iturriotz Euskalmeteko metereologoak eta Begoña Arrate UZEIko teknikariak.
Sailburuak azpimarratu dauenez, lan honek balio zientifiko-teknikoa dauka eta gizartera heltzeko ahalmena be bai. Izan be, euskerea normalizau eta eguneratzeko ekarpen baliotsua da, Beltran de Herediaren ustez. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren ezaugarrietako bat euskerazko komunikazinoa da, batetik, eguraldia iragartzeko eta larrialdi-egoerak saihesteko, eta, bestetik, meteorologiaren eremu teknikoan hizkuntzearen normalizazinoa sustatzeko, azaldu dau sailburuak.
Euskerazko datu terminologiko metereologikoen datu bankua eguneratzen, Euskalmeteko metereologo bi ibili dira lanean, UZEIren laguntzinoagaz. Hainbat terminoren definizinoak aztertu ditue eta, ondoren, zehaztasun handiagoa emoteko hobetu edo zabaldu egin ditue horreek definizinoak. Guztira, 1.421 definizino sortu edo hobetu ditue eta, beraz, eguraldiaren ganean euskeraz berba egiteko tresna eraginkorragoa da orain terminologia banku hori.
Metereologiaren Nazinoarteko Eguna dala eta (atzo izan zan), banku terminologiko eguneratu hau aurkeztu dabe Jaurlaritzeak, Euskalmetek eta UZEIk. Era berean, Hodeiak irakurtzen lelopean, hainbat ekimen abian ipini ditu Euskalmetek. Batetik, poster zientifiko dibulgatzaile bat sortu dau, Euskal Herriko zeruetan agertzen diran hodei klase nagusien barri emoteko. Posterreko argazkiak telebista publikoko Eguraldia tartera ikus-entzuleek doban bialdutakoak dira.
Bestetik, Unidade Didaktiko Metereologikoak izeneko dibulgazino proiektua martxan ipiniko dau Euskalmetek. Egitasmo horren lehenengo pausa da, hain zuzen, hodeien inguruko posterra. Hezkuntza alorrerako eta publiko zabalarentzako tresna erabilgarriak sortzea da unidade didaktikoon helburua. Hodeiak landu dira aurtengo Metereologiaren Egunaren harira, baina aurrerago beste fenomeno metereologiko batzuen inguruko materiala plazaratuko dabe.
Helburuetako bat da meteorologiaz gehiago jakiteko bideak jartea eta hezitzaileei eta gizarteari erremintak eskaintzea, behar izan ezkero hobeto antolatu gaitezan eta geure burua hobeto babestu ahal izan daigun, adierazo dau Beltran de Herediak. Amaitzeko, Euskalmeten twitter kontua laster 100.000 jarraitzaile izatera helduko dala jakin eragin dabe Donostiako aurkezpen horretan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!