Patxi Saez: 'Euskerearen bizi puskak'

Bizkaie! 2017-03-23 08:36   Euskerea berbagai

Gogoetea plazaratu dau Patxi Saez soziolinguisteak. Euskereak berezko erreferente kulturalak behar dituala dino, hizkuntza bizia izaten segidu nahi badau.

Kukua, euskaldunen mundu ikuskeran eragin sakona dauen txoria (argazkia: Aurélien Audevard) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hona hemen Patxi Saezek idatzitakoa:

Gaur egun, euskereak dituan hiztun gehienen pentsamendua eta uniberso sinbolikoa erderatik eregita dago. Euskereak dituan hiztunetatik % 80 berbadun barriak dira, erderea dabe etxeko hizkuntza eta, batez be, erderearen zimentarrian egina dabe lehen sozializazinoa. Erdal zoruaren ganean eregi dabe euren euskalduntasuna. Hortik arrisku handia jatorku, izan be, erdal ikusmoldetik eta baloreetatik ezin daiteke euskereren etxerik eregi. Hortik konpondu beharreko itogin handiak doguz barritu nahi dogun aitaren etxearen teilapean.

Gizakia animalia sinbolikoa dala esan eban Polonian jaiotako Ernst Cassirer filosofoak. Gizakiaren izakerearen muinean dagoan ezaugarria da sinboloak sortzea. Bizi dauen mundua ulertzeko, gizakiak bere zentzumenetatik jasotako inpresinoak hazurmamitu egiten ditu, gorpuztu egiten ditu, espresino bihurtzen ditu, eta, horretarako, zentzun eta esanahi propioa emoten deutse. Hain zuzen be, gizakiak sortutako zentzun eta esanahi horreek osotuten dabe kulturea eta, azken baten, errealidadearen azalpen sinbolikoak dira, ezelako oinarri enpiriko edo zientifiko bakoak.

Euskerearen hiztun-herriak bere uniberso sinbolikoa dau, euskeratik sortua, euskeratik hausnartua. Erdal herriek be euren uniberso sinbolikoak ditue, erderetatik sortuak, erderetatik pentsatuak. Jarri daigun kukuaren adibidea:

Kukua udabarriaren sinbolo da euskerearen herrian. Antxinako euskaldunentzat kukuaren etorrereak lur-soloak neguko lozorrotik esnatu zirala adierazoten eban, negu gorria garaitu ebela eta udea etorri zala. Izan be, antxinako euskaldunen egutegiak urtaro bi besterik ez zituan, udea eta negua. Afrikako hegoaldetik gugana etorteko 9.000 kilometro gauez eta bakarrik egiten dituan txoria udabarriaren iragarle dogu, eten barik sorbarritzen dan bizitzearen sinbolo.

Gure aurrekoen ustez, Ama Birjina Martiko egunetik (martiaren 25etik) hasi eta 15 eguneko tartean kukuak ez jotea, gatx handi eta bildurgarria zan, naturea zoratzearen seinale, ez etorrelako udabarririk. Baina munduaren akaberatik ihes egiteko modurik baegoan: herriaren usteak inoanez, Andra Mari Martiko egunetik hasi eta ondorengo 15 egunetan kukua agiri ez bazan, bederatzi idi-pareri gurdia lotu eta bere bila joan behar ei zan Erromako zubira.

Nekazarientzat udabarria da urtean lanik handiena izan ohi dan sasoia, soloak preparau eta ereitekoa. Nekazariak izenetik ezagun dau izana: nekatzaileak neka-neka eginda ateratzen dau bizimodua. Kukua, barriz, kolpe zorririk jo barik bizi da. Ez egitearren, habiarik be ez du egiten. Nekazariak seme-alabak aurrera ateratzeko lana baltz egin behar dauen bitartean, kukuak ardurarik txikiena be ez dau hartzen bere kumeak jagoteko: ezkutuka, beste txori batzuen habietan arrautza bana errun, eta kuku-txitak hazteko ardurea auzokoari kateatzen deutso. Kukuaren ardura bakarra eguzkitan gozo-gozo jarri eta kuku han eta kuku hemen kantetea izaten da. Hanka bikoen munduan holako bizimodua aberatsei bakarrik ezagutzen jake. Eta, hortik edo, holan dino herriaren usteak: udabarriko lehen kukuak sakela bero dozula harrapatzen bazaitu, ondo joko deutsu, eta urte osoan ez dozu diru estutasunik izango. Beraz, kukua atarramendu edo zori hobearen sinbolo be badogu euskaldunen artean.

Gure hizkuntzea be kukuaren jokabide eta ibileren ispilu da. Kukua beti ezkutuka ibilten da. Sekula ez da gizakiaren aurrera azaltzen. Ganera, bere inguruan nor edo nor sumatzen badau, mututu eta ezkutau egiten da: kukutu. Horra hor txoriaren jokamoldeari buztartutako aditz eder askoa, gure euskereak erditua. Beste alde batetik, nor edo nor, honi zirika eta hari zirika dabilenean, zera esan ohi jako: hari kuku eta honi kuku dabil. Izan be, kukuaren kantuak badau burla kutsu hori: berariaz kukua noz entzungo zabizanean, orduan mututu egingo jatzu; baina patrikan txanpon barik zagozanean, orduan joko deutsu kuku eta kuku. Habiatik habiara arrautza bakarra errutearen jokabidetik be bada beste esaera bat: horreek kukuarena egin dabe. Seme-alaba bakarra ekarri dauen bikoteagaitik esan ohi da. Ildo beretik, emondako berbeak papelak adina balio eban garaian, euskaldunen arteko kontratuak be kukutik kukura egiten ziran. Azkenik, kukuaren etorrereak udabarriaren hasikerea iragartzen dauen moduan, gure artean egiten daben egonaldiaren amaiereak udabarriaren azkentzea dakarrela dinoen esakerak be badoguz: Sanjoanetan kuku eta Sanpedrotan mutu, Erramuetan kuku, Sanpedrotan mutu, Ama Birjina martikoan kuku, Sanpedrotan mutu.

Aho-idatzizko literaturan be kukuak arrasto sakona itxi dau gure euskeran. Lazkao Txikiren bertsoak eta Bizkaiko Mañariko Evaristo Bustintza, Kirikiño, idazlearen Abarrak liburuko Kukua entzuten narrazino ezaguna dira horren adierazgarri.

Hizkuntzea, belaunez belauneko katean, hiztunen bizipen, pentsamendu, ohitura, tradizino, sinbolo eta, azken baten, kultura oso baten gordailu da. Hori guztia dago hizkuntzearen barruan.

Hizkuntza-komunidade bereko kideek, alkarregaz berba egiten dabenean, ikuspegi eta erreferentzia kulturalak konpartiduten ditue. Hori barik, hizkuntzea tresna hutsa da, komunikazinorako tresna mekaniko hutsa, arima bakoa, nortasun bakoa.

Ez daigun gure euskerea esperantoaren kinka berean jarri. Esperanto hizkuntzeak bi ditu ajerik handienak: bigarren hizkuntzea izateko sortua izatea, batetik, eta, bestetik, gizakien arteko komunikazino eta alkar ulertze mekaniko hutserako sortua izatea. Munduko 120 herrialdetan sakabanatuta dagozan miloe bi esperantistek alkar ulertzeko daukien mugarik handiena horixe da: nor bakotxaren erreferentzia kulturalak eten barik argitu beharrean ibiltzen dirala alkarren arteko ulermena ahalbidetzeko.

Hizkuntzea, gurean euskerea, lapiko handi bat dogu, atzoko eta gaurko hiztunak elikatzen dituan lapikoa. Elikagaia, barriz, gizaldiz gizaldi, berezko hiztun izandakoetatik jasotako bizi puskak ditu: hizkuntzearen borborrean egositako kultura oso bat. Hiztun barriak be lapiko horretatik elikatuko bagenduz, beste kuku batek joko leuskigu, euskerea bere barne munetik sorbarritzeko, erabilerearen betiereko udabarrian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu