Resurreccion Maria Azkue Literatura Sariketan bikoxtu egin da parte-hartzaile kopurua

Bizkaie! 2017-03-22 10:14   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak antolatzen dau gaztetxuentzako lehiaketa hori eta 2016ko edizinoko sariak gaur banatu ditu. Lanen kalidadea eta tonu barritzailea nabarmendu ditu epaimahaiak.

Sarituak, irakasleak, epaimahaikideak eta euskaltzainburua, Bilbon (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

1991tik, Euskaltzaindiak urtero antolatzen dau 10 eta 17 urte bitarteko gazteentzako Azkue Literatura Sariketea, BBK Fundazinoaren laguntzinoagaz. 2016ko edizinoko sari-banaketa ekitaldia Akademiaren egoitza nagusian, Bilboko Plaza Barrian, egin da goizeon. Epaimahaiak saritutako idazle gazteak ez eze, euren ikastetxeetako irakasleak be egon dira ekitaldian, ikasleen sormen literarioa bideratzen laguntzen dabe eta. Andres Urrutia euskaltzainburuak gidatu dau ekitaldia.

Idazle gazteak literaturearen mundura erakartea da sariketearen helburu nagusia eta, alde horretatik, baikor egoteko moduko datua emon dau Euskaltzaindiak: 2015eko edizinoagaz alderatuta, 2016ko parte-hartzaileak askoz gehiago izan dira, bikotxa gitxi gorabehera. Aurreko edizinoan 88 gazte aurkeztu ziran eta, 2016an, 175. Orain dala urte batzuetako zenbakietara hurreratzen hasi da barriro Azkue sariketea (2013an 173 parte-hartzaile; 2009an, 219).

Horrezaz gan, jasotako idazlanen kalidadea nabarmendu dabe epaimahaikideek, eta ez hori bakarrik: Aurtengo edizinoko parte-hartzaileek testu barritzaileak sortzeko gogoa agertu dabela dinoe epaimahaikoek.

Resurreccion Maria Azkue lehiaketea maila bitan banatzen da, edadearen arabera: A mailea (10 eta 13 urte artekoak) eta B mailea (14 eta 17 urte artekoak). Generoaren aldetik be, modalidade bi dagoz: Narrazinoa eta poesia. Maila eta modalidade bakotxeko hiru sari egoten dira.

Epaimahaian, A kategorian, honeek egon dira: Miren Billelabeitia, Manu Lopez Gaseni eta Igone Etxebarria. B mailan, ostera, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta izan dira epaimahaikide. Seirek daukie literaturearen munduagaz lotura estua, arlo akademikoan dabizalako edo idazleak diralako.

Hona hemen sarituak:

A MAILEA-NARRAZINOA

Lehen saria: Paradisuan, bihotza erdibituta. Egilea: Lohizune Telletxea Delgado (Oiartzun, Gipuzkoa). Haurtzaro ikastola. Irakaslea: Leire Lekuona.

Bigarren saria: Slamino. Egilea: Mahalia Resampa (Ziburu, Lapurdi). Piarres Larzabal ikastetxea. Irakaslea: Mathilde Etchart.

Hirugarren saria: Klabe ezkutua. Egilea: Olatz Senar Usandizaga (Irun, Gipuzkoa). Txingudi ikastola. Irakaslea: Olatz Mitxelena.

A MAILEA-OLERKIA

Lehen saria: Zure beharra. Egilea: Izar Arronategi Mugeta (Gernika-Lumo, Bizkaia). Seber Altube ikastola. Irakaslea: Jaime Bilbao Ibarra.

Bigarren saria: Itsasoa. Egilea: Libe Gargallo Eizagirre (Oiartzun, Gipuzkoa). Haurtzaro ikastola. Irakaslea: Maider Lekuona.

Hirugarren saria: Dirudienez. Egilea: Asier Morillo Alberdi (Azpeitia, Gipuzkoa). Urola ikastola. Irakaslea: Mikel Sarasua.

Aitamena: Muxu gaziak. Egilea: Elene Etxaniz Uribe (Ondarroa, Bizkaia). Zubi zahar ikastola. Irakaslea: Noemi Uribe Aranburu.

B MAILEA-NARRAZINOA

Lehen saria: Lubiankan. Egilea: Peru Amorrortu Barrenetxea (Gasteiz, Araba). Ekialde Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI). Irakaslea: Deikunde Uriarte.

Bigarren saria: Zu gabe. Egilea: Maddi Aiestaran Iparragirre (Beasain, Gipuzkoa). Beasaingo Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI). Irakaslea: Ainhoa Iparragirre.

Hirugarren saria: Bide zuzenetik oker. Egilea: Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu, Nafarroa). Altsasuko Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI). Irakaslea: Ekaitz Goikoetxea.

B MAILEA-OLERKIA

Lehen saria: Ezin izan nuen loratu. Egilea: Lide Mikele Billelabeitia Uriarte (Mungia, Bizkaia). Mungiako Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI). Irakaslea: Aurelio Erdozain.

Bigarren saria: Nahi nuke, behar nuke. Egilea: Anne Arrizabalaga Kortabarria (Oiartzun, Gipuzkoa). Haurtzaro ikastola. Irakaslea: Sohalge Arbelaitz Kortabarria.

Hirugarren saria: Itsasoak sutu daitezke. Egilea: Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu, Nafarroa). Altsasuko Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI). Irakaslea: Ekaitz Goikoetxea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu