Apirilaren 24an helduko da Pre-Fant Bidebarrietara, Guggenheim Museora eta BBK Salara

Bizkaie! 2017-03-22 08:59   Zinemea

Fant, Bilboko Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Jaialdia hasi aurretik helduko da, urtero legez, Pre-Fant. Berbaldiak, proiekzinoak eta DJ-en saioak egongo dira.

Maiatzaren 5etik 12ra egingo da Fant jaialdiaren 22. edizinoa. Horren aurretik, motorrak berotzeko, Bilboko Udalak Pre-Fant zikloa antolatu dau. Apirilaren 24an hasi eta 28an amaituko da egitarau berezi hori. Hiru gune nagusi izango ditu Pre-Fantek: Bidebarrieta liburutegia, Guggenheim Museoa eta BBK Salea.

Apirilaren 24an, 25ean eta 27an, Sitgesko jaialdiko A Contracorriente saileko film aukeratuak ikusi ahal izango dira BBK Salan, sesino bikotxean (18:00 eta 20:00). Sitgesetik ekarritako bost film aukeratu ditue Bilbon erakusteko. Proiekzinoetara sartzea doban izango da.

Honeek bost filmak ikusiko dira BBK Salan, A Contracorriente Films etxearen eskutik: Andre Øvredalen The Autopsy of Jane Doe (euskerazko eta gaztelaniazko azpitituluak), Hideaki Annoren eta Shinji Higuchiren Shin Godzilla, Kike Flanaganen Before I Wake (euskerazko eta gaztelaniazko azpitituluak), Sang-ho Yeonen Train to Busan, eta Colm McCarthyren Melanie. The Girl with All The Gifts.

Horrezaz gan, Estadu Batuetatik datorren pelikula baten aurre-estreinaldia egingo da Pre-Fanten. Sophia Takalen Always Shine da film hori eta BBK Salan emongo dabe.

Bestetik, apirilaren 26an, Robocop film-moltsoaren inguruko berbaldia emongo dau Toni Garzón Abad bilbotarrak, saga horrek 30 urte bete dituala eta. Zinemagintzan aditua da Garzón Abad. Bidebarrieta liburutegian izango da berbaldia, 19:30etan, doban.

Aurtengo Pre-Fant biribiltzeko, amaiera parebakoa antolatu dabela dino Bilboko Udalak. Apirilaren 28an, Guggenheim Museoan, Rosemary Myersen Girl Asleep filma estreinauko da, 20:00etan. Ondoren, 22:00ak bueltan, Art After Dark zikloaren emonaldi berezia egongo da, Guggenheim Museoaren TopArte ekimenaren barruan.

Musika elektronikoa lantzen daben goi mailako DJ-en musikea, artelanez inguratuta eta gaueko giro berezian entzun ahal izatea da Art After Darken helburua. Hilero antolatzen dau saio bat Guggenheimek eta, apirilekoa, Pre-Fantegaz batera eratu dau. Carlos Bayona DJ-ak gaualdi horretarako atondutako musika-aukeraketea aurkeztuko dau. Saio horretarara sartzeko, 13 euro pagau beharko dira (9 euro Museoaren Lagunek).

Pre-Fanteko egitaraua, hemen.

Pre-Fantek lelukoa pasauko deutso Fant jaialdiari maiatzean. Ohiko proiekzino eta lehiaketez gan, erakusketa berezia ipiniko dabe Azkuna Zentroan, maiatzaren 5etik 12ra. The Vault of Rob Zombie, a Comic Tribute erakusketan, 16 marrazkilari ezagunek Rob Zombie pertsonaiaren ganean egindako kartelak ikusi ahal izango dira.

Bestetik, Fant jaialdira filmak aukezteko epea zarratu dabe antolatzaileek. Bilboko Udalaren arabera, aurten 931 proposamen jaso ditue, 53 herrialdetatik. Orain, Fanteko arduradunek aukeraketea egin beharko dabe, maiatzean Bilbon ikusi ahal izango diran pelikulak zeintzuk diran erabagitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu