Uribe Butroek irabazi dau Bertsolari Gazteen BBK Txapelketako laugarren kanporaketea

Bizkaie! 2017-03-21 13:23   Bertsolaritzea

Lea-Artibaik baino puntu gehiago batu ditu Uribe Butroek, Markina-Xemeinen jokatutako saioan. Beraz, finalaurrekoetarako txartela lortu dau.

Bertsolari gazteak kantuan, gaur, Markinako oholtzan (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Asteon bertan finalaurrekoei ekin aurretik, BBK Sariketako azken kanporaketea jokatu da Markina-Xemeingo Kultur Aretoan. Uribe Butroe eskualdeko taldeak egin dau aurrera, epaileek 394 puntu emon deutsiez eta. Lea-Artibaik 359 puntu batu ditu. Uribe Butroek martiaren 28an, datorren matitzenean, jokatuko dau finalaurrekoa, Durangon, Uribe Kostaren kontra.

Markina-Xemeingo saioan, honeek sei bertsolariak izan dira Uribe Butroeren ordezkari: Txomin Aiartza, Ainhoa Gorostiaga eta Iker Larizgoitia 18 urtera artekoen kategorian; eta Jone Larrinaga, Peru Berazategi eta Malen Amenabar 24 urtera artekoetan.

Lea-Artibairen partetik, honeek egon dira oholtzan: Garazi Nabarro, Antxon Bereziartua eta Bittor Altube 18 urtera artekoetan; eta Nahia Ibarzabal, Aitor Ruiz eta Aissa Intxausti 24 urtera artekoen mailan.

Maddi Ibaibarriaga izan da saioko aurkezle eta gai-jartzailea. Epaileak Juanjo Respaldiza, Jurgi Fuentes eta Miriam Juaristi izan dira, eta Ione Narbaiza idazkaria.

Bertsolari Gazteen 25. BBK Txapelketako hurrengo saioa finalaurrekoetako lehenengoa izango da. Barikuan, hilak 24, jokatuko da, Zallako Zine Antzokian (10:00). Busturialdea eta Enkarterri/Ezkerraldea lehiatuko dira, finalerako txartelaren bila.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu