Ehun artista inguru batuko dira zapatuan Bilbon, Break On Stage jaialdian

Bizkaie! 2017-03-20 13:58   Kulturea

Kultura urbanoaren alkargune izango da, beste urte batez, Break On Stage. Igaz 5.000 ikusle inguru egon ziran Bilbao Arenan.

Bilboko zinegotzi Oihane Agirregoitia eta jaialdiko antolatzaile Imanol Garaizabal (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kultura urbanoaren alderdi guztiak jorratuko dira zapatuan, martiak 25, Break On Stage jaialdiaren aurtengo edizinoan: jantzea, kirola, musikea eta abar. Guztira, 20 ikuskizun eta 100 artista inguru, arratsalde guztiko saioan. Bertoko eta nazinoarteko artistak egongo dira oholtzan, kultura urbanoaren jokera barrienak Bilboko publikoari erakusten.

Bilboko Udalak azaldu dauenez, Break On Stage bakarra da, kultura urbanoaren adierazpideak gizarteratzen ditualako. Alderdi artistikoa eta alternatiboa buztartzen ditu kultura urbanoak. Bertoko artista, talde eta alkarteentzat erreferentzia izatea da asmoa. Urian antolatzen diran beste ekimen batzukaz lotuta dago Break On Stage, esaterako Red Bull Flying Bach-egaz eta Juste Debout-egaz, horreek be kultura urbanoen ingurukoak dira eta.

Igazko edizinoan, 5.000 lagun inguru joan ziran Bilbao Arenara eta aurten arrakasta hori barriro lortzeko asmoa dau Udalak. Horretarako, egitarau bete-betea antolatu dau. Breakdance eszenikoaren atalean, berbarako, Europako talde onenetako lau egongo dira Break On Stage-n, tartean Feel The Sound bilbotarra eta Frantzia, Espainia eta Italiako ordezkariak.

Break On Stage 2017 izeneko aukeraketa fasean parte hartu daben bertoko 60 taldeen artean, bost onenak aukeratu ditue zapatuan jantza urbanoko erakustaldia egin daien. Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako taldeak dira. Parkour modalidadean be, euskal kirolariak egongo dira. Kirola eta artea batzen dituan modalidade horretarako, zirkuitu berezia ipiniko dabe Bilbao Arenan. BMX erakustaldiak be egongo dira. Jaialdia biribiltzeko, Ayax & Prok rap taldearen emonaldia egongo da.

Zapatu arratsaldeko 18:45etan hasiko da Break On Stage. Interneten zein Kutxabanken kutxazainetan dagoz sarrerak salgai, 10 euroan (Kutxabanken txartelagaz, 8 euro).

Jaialdiko egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu