Asier Otamendik irabazi dau Arabako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa

Bizkaie! 2017-03-20 09:02   Bertsolaritzea

Apirilaren 1ean jokatuko da finala eta honeek sailkatu dira: Asier Otamendi, Oihane Perea, Serapio Lopez, Xabi Igoa, Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre.

Asier Otamendi, Aramaioko saioan (argazkia: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Puntuazinoaren aldetik, Arabako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako bigarren itzuliko saiorik oparoena izan zan asteburuan Aramaion jokatutakoa. Ondorioz, bertan kantau eben hiru bertsolarik finalerako txartela lortu eben. Beste finalerdietan parte hartu daben hiru bertsolari be finalean egongo dira, sei guztira.

Asier Otamendi eskarmentu handiko bertsolaria da, hainbat aldiz izan da Arabako txapeldun. Hortaz, Aramaioko saioa ondo bideratu eban eta 266,5 puntu eskuratu. Finalaurrekoetako itzuli bietako lana batuta, puntu gehien lortu dituan bertsolaria izan da Otamendi. Asteburuko saioan, Oihane Perea (258 puntu) eta Serapio Lopez (254,5) geratu ziran Otamendiren atzetik eta horreek be Gasteizen izango dira.

Andere Arriolabengoa ez zan urrun ibili (254 puntu), baina lehenengo itzuliko puntuazinoa kontuan hartuta, ez zan nahikoa izan finaleko seikotean sartzeko. Saioko bosgarrena Zigor Enbeita izan zan, 245,5 puntugaz eta, seigarren, Izar Mendiguren (233 puntu). Uxue Diaz de Cerio izan zan gai-jartzailea.

Gasteizko Printzipal antzokian jokatuko da 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketako finala, apirilaren 1ean, zapatua, 17:30etan. Asier Otamendi, Oihane Perea, Serapio Lopez, Xabi Igoa, Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre izango dira finalistak. Sarrerak salgai dagoz antzokiaren ohiko bideetatik (lehiatilan eta webgunean).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu