Getxoko Ondarreta abesbatzak CD bat argitaratu dau bere 50. urteurrenean

Bizkaie! 2017-03-17 08:55   Musikea

50. urteurrenagaz bat etorriz, Ondarretak ume-abesbatza sortu gura dau, Erromo-Areetako auzoetako eta inguruetako umeen interes musikalak asetzeko.

Areetako Ondarreta abesbatza bere 50. urteurrena ospatzen dago aurten. Horren harian, ekitaldi ugari antolatu ditue, besteak beste, CD bat eta 17 musika emonaldi baino gehiago, tartean Urrezko Ezteien kontzertu berezia urriaren 27an, Bilboko Alkarte Filarmonikoan, Leioako Kantika Korala abesbatzagaz batera. Getxoko alkate Imanol Landak eta abesbatzeko presidente Jon Atxak prentsaurrekoan aurkeztu dabe ekimen hori; Imanol Landak bere poza agertu dau gure udalerrian hain errotuta dagoan alkarteagaz data hori ospatzeagatik. Landaren berbetan, 50 urte betetea, berez, arrakasta nabarmena da. Ondarreta Abesbatzak Getxogaz dauen konpromisoak Getxotar guztiak harrotasunez beteten gaitu eta, uste dogu, Udalak neurri berean izan behar dauela abesbatzagaz konpromisoa. Holan egin dogu eta holan egiten jarraituko dogu, Ondarreta afizinoa dalako, musikarako maitasuna eta kantetako pasinoa, baina gehienbat kalidade gizatiarra da, eta baita Getxorako bisita-txartel parebakoa be.

Jon Atxa Ondarreta abesbatzeko presidenteak, bere aldetik, Udalaren diru-laguntzinoa eskertu ondoren, azpimarratu dau: aurten oso urte berezia da abesbatzarentzat, 50 urte beteten doguzalako etenbako jardueran. Atondu dogun egitaraua gure Urrezko Ezteiak ospatzeko zuzenduta dago. Aurten gure emonaldi asko, beste urte batzuetan ohiko egitaraukoak, hainbat taldegaz egingo doguz, besteak beste, Santanderreko Coro Tomás Luis de Victoria, Suseganako (Italia) Corale San Salvatore, Oiongo Coro alavés Prudentzio Egunsentia, Bilboko Iralabarriko San Antonio abesbatza, Portugaleteko Santa 'María abesbatza, edo Sestaoko Orfeoia.


Egitaraua

Aurten aurreikusi dituen ekitaldien artean Jon Atxak azpimarratu dau Ondarreta 1967-2017 izeneko oroitzapenezko CDaren argitalpena, Ama Mesedeetako eleizako kriptan grabautakoa, abesbatzaren jatorria laburbatzen dauena, Urdulizko Tio Pete estudioaren laguntzino teknikoagaz. Diskoak, abesbatzaren historiaren bildumea ez izan arren, omenaldia egin nahi deutse taldetik hainbat hamarkadatan zehar pasau diranei eta abesbatzak duaen errekonozimendu soziala lortzen lagundu dabenei. 1.000 ale argitaratu ditue eta 8 euroan salduko dira hainbat tokitan, besteak beste, Bizkaia Zubiko oroigarrien dendan edo posta elektronikoaren bitartez: contacto@coralondarreta.com

Era berean, apirilaren amaieran, kaleratu eta jentaurrean aurkeztuko dabe Ondarreta 50 años izeneko liburua. Egilea da Pablo Díaz-Guardamino eta bertan abesbatzak bizi izan dituan aro guztien ibilbide luzea eta zehatza egiten dau, argazki eta dokumentazino asko erabiliz.

Maiatzean, abesbatzari dedikautako zigilua eta zigilu-markea aurkeztuzko dabe Getxoko XXXIV. Filatelia-erakusketan, eta irailaren 21ean, jai batzordeak konbidauta, Areetako Mesedeetako jaietan, pregoia irakurriko dabe. Irailaren 26an, Areetako Geltokia plazan jarritako karpan, Peruko Alturas taldeagaz batera América Canta–Misa Criolla izeneko kontzertua eskainiko dabe.

Azkenik, urriaren 27an, Bilboko Alkarte Filarmonikoan, urtean zehar egindako ekitaldiei amaierea emongo deutsie. Bertan izango dira Leioa Kantika Korala eta Coral Ondarreta Abesbatza.


Proiektuak

Ondarreta abesbatzak 1967ko irailaren 24an hasi eban bere ibilbidea ondorengo helburuagaz: Edozein jarduera musikal praktikau, sustatu eta garatzea, batez be musika korala bere ikuspegi guztietan, emonaldiak eskaintzen dituen leku guztietan Getxoren izena eta udalerriaren kulturea zabalduz. Hori guztia aurrera eroateko, euren eretxiz, beharrezkoak diran jarduera guztiak egiten ditue, besteak beste, musika zaleak erakarri, musika-trebakuntzea, artxibo musikala sortu, eutsi eta aberastu eta ekitaldi musikalak antolatu eta zabaldu.

Kontuak kontu, 50. urteurrenagaz bat etorriz, Ondarretak ume-abesbatza sortu gura dau, Erromo-Areetako auzoetako eta inguruetako umeen interes musikalak asetzeko, abesbatzerako etorkizunean harrobia izango dana. Jon Atxak esan dauenez, idea hori, gure historian zehar, hainbat alditan agertu da baina sekula ez da gauzatu. Gure idea da 7 eta 14 urte bitarteko umeei zuzendutako abesbatza, eskolaz kanpoko jarduera legez.

Gaur egun, abesbatzan, 58 persona dagoz: 17 soprano, 17 kontralto, 11 tenore eta 13 baxu. Horreei gehitu behar jakez zuzendaritza musikala, teknika bokalaren irakaslea eta piano-jotzailea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu