Poesiaren Munduko Eguna ospatuko dau Bilbok hilaren 21ean, Miguel Hernández gogoan hartuta

Bizkaie! 2017-03-19 08:31   Kulturea

Kontzertu-errezitaldia antolatu dau Bilboko Udalak Bidebarrieta liburutegian. Joserra Senperenaren pianoaren doinuek girotuko dabe Miguel Hernándezen olerkien irakurraldia.

Miguel Hernández (1910-1942) hil zala 75 urte bete dira aurten. Horregaitik, Poesiaren Munduko Egunean, Alacanteko idazlearen omenezko ekitaldia egingo da Bilbon. Gaztelaniaz, jatorrizko hizkuntzan, irakurriko ditue Hernandezen hainbat poema ezagun: Canción última, Boca que arrastra mi boca eta Cancionero y romancero de ausencias, besteak beste. Ganera, euskerara itzulitako beste batzuk be aukeratu ditue errezitaldirako, esaterako Tipularen sehaska kanta eta Haur itzaina.

Musikea eta ahotsa izango dira Bidebarrietako liburutegiko ekitaldiaren oinarriak. Joserra Senperena piano-jolea arduratuko da musikaz. Bilboko saioan, berak idatzitako pieza batzuez gan, Paco de Ibáñezek eta Silvia Perez Cruzek sortutakoak joko ditu. Udane Goikoetxea kazetariak eta Patxi Zubizarreta idazleak irakurriko ditue Miguel Hernándezen poesia aukeratuak.

Gazterik hil zan Miguel Hernández idazlea eta, halandabe, 20. mendearen hasikerako Espainiako poetarik esanguratsuenetako bat izan zan, 36ko belaualdiko kidetzat jo eben. Gerra Zibilaren ostean, faxistek kartzelan sartu eben eta han hartutako tuberkolosiak hil eban, 1942ko martian. Gerra sasoian bere lan ezagunenetako batzuk idatzi zituan: Viento del pueblo eta El hombre acecha. Kartzelan, Cancionero y romancero de ausencias bildumea amaitu eban.

Poesiaren Eguneko kontzertu-errezitaldia martitzenean, martiaren 21ean, egingo da, 19:30ean. Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan izango da saioa. Doban sartu ahal izango da. Joan ezin dabenek, streaming bidez ikusi ahal izango dabe saioa, zuzenean, hemen.

2017/03/21 19:30

Bilboko Bidebarrieta liburutegian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu