Sascha Braemer, Roots Youths, African Simba eta Javi Auto, martiko Art After Dark saioan

Bizkaie! 2017-03-16 10:04   Musikea

Barikuan, hilak 17, egingo da Bilboko Guggenheim Museoan hil honetako Art After Dark saioa. Ohiko moduan, musika elektronikoa entzun eta artelanak ikusteko aukerea egongo da, gauean.

Sascha Braemer (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Sascha Braemer alemaniarraren musika elektronikoa, Roots Youths eta African Simbaren reggaea eta Bilboko Fever klubeko Javi Autoren nahasketak izango dira protagonista bariku gauean Guggenheim Museoko atrioan. 22:00ak eta goizaldeko 01:00ak artean izango da saioa. Pello Irazuren erakusketea zabaldu barri dan ezkero, haren artelanak ikusi bitartean musikea entzun ahal izango dabe parte-hartzaileek. Museoko beste erakusketa batzuk be zabalik egongo dira.

Sacha Braemerren ibilbidea goitik behera aldatu zan Niconé kideagaz batera Caje lana plazaratu ebanean, nazinoartean itzelezko oihartzuna izan eban eta. Harrezkero, munduko hainbat uritan emon ditu kontzertuak eta kartelburu be izan da emonaldi batzuetan. Niconégaz zein bakarka, disko ugari atera ditu. DJ eta produktore lanean, musikearen bidez sentimenduak agertzen ahalegintzen da.

Bestetik, dub eta reggae doinuak Bilbora ekartzeaz arduratuko dira beste artista bi: Roots Youths eta African Simba. DJ Kullar da Roots Youthen arimea eta dub estiloko musikan erreferentzia da. Internetez zabaltzen dau bere musikea eta horrek jarraitzaile asko ekarri deutsaz mundu guztian.

African Simbak, ostera, nigeriarra dan arren, Londresen egin dau ibilbidea. Nazinoarteko bakarlari ezagunakaz kolaborau dau eta diskoetxea be badauka. Mikroagaz bizi-bizi ibilten da, saioak animetan.

Amaitzeko, etxeko artista bat be egongo da Art After Darken. Bilboko Fever klubean musikea ipinteaz arduratzen da Javi Auto. 1990eko hamarkadan hasi eban DJ ibilbidea eta NoData kolektiboa sortu eban. Fever klubeko sortzaileetako bat eta zuzendaritzako kidea da. Ganera, Europako beste uri askotan be ibili da. Art After Dark proiektuaren programazino artistikoaren arduradunetako bat da.

Art After Dark saioan parte hartzeko, 18 urte baino gehiago izan behar dira. Guggenheim Museoko txarteldegian edo webgunean erosi behar da sarrerea, 13 euroan (museoaren lagunek, 9 euro).

2017/03/17 22:00

Bilboko Guggenheim Museoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu