Blas de Otero poesia sariketarako deialdia egin dau Bilboko Udalak
2017-03-16 08:35 KultureaPoeta bilbotarra jaio zaneko 101. urteurrenean, lehiaketearen 10. edizinoa zabaldu dabe Udalak eta Blas de Otero Fundazinoak. Euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeak dagoz.
Nazinoarteko lehiaketea da Blas de Otero-Bilboko Uria izeneko hau, beraz, mundu guztiko idazleek parte hartu leikie. Urtero, poetearen jaiotegunaren bueltan zabaltzen da deialdia. Atzo, eguaztena, bete ziran 101 urte Blas de Otero jaio zala.
700 eta 1.000 bertso-lerro arteko poemak bialdu behar ditue parte-hartzaileek, maiatzaren 30a baino lehen. Formatu digitalean baino ezin izango dira lanak aurkeztu, Bilboko Udalaren webgunearen bidez (hemendik).
Lehendik argitaratu eta saritu bako lanak izan beharko dirala zehaztu dabe antolatzaileek. Gaia, errimea eta neurria, libreak izango dira. Euskeraz eta gaztelaniaz aurkeztu leitekez olerkiak eta hizkuntza bakotxean 5.500 euroko saria egongo da. 2017ko azken hiruhilekoan banatuko dira sariak.
Blas de Otero-Bilboko Uria poesia saria 2008an ipini eban martxan Bilboko Udaleko Kultura Sailak, sorkuntza literarioa bultzatzeko eta Blas de Oteroren figurea herritarrei hurreratzeko. Izan be, 20. mendean Bilbok emon dauen idazle garrantzitsuenetako ba da Blas de Otero.
Igazko edizinoan, Beatriz Chivite idazle nafarrak irabazi eban euskerazko modalidadeko sari nagusia eta René Fuentes kubatarrak gaztelaniazkoa. Biennale lana idatzi eban Chivitek eta Guitarra del mesón Fuentesek. Guztira, 469 olerki-bilduma aurkeztu ziran igazko edizinoan, Europako eta Ameriketako hainbat herrialdetatik helduak.
2017ko deialdiaren oinarriak, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!