Uribe Kostak finalaurrekoetarako txartela eskuratu dau Bertsolari Gazteen BBK Txapelketan

Bizkaie! 2017-03-15 12:40   Bertsolaritzea

Goizeon Sopelan jokatutako saioan, Hego Uribeko seikoteari nagusitu jako Uribe Kosta. Txapelketako hirugarren kanporaketea izan da gaurkoa.

Sopelan jokatutako saioko une bat (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sopelako Ander Deuna ikastolea izan da Bertsolari Gazteen BBK Txapelketako hirugarren kanporaketako egoitzea. Ikastolako ikasleen aurrean kantau dabe Uribe Kostako eta Hego Uribeko bertsolari gazteek. Etxeko taldeak irabazi dau: Epaileek 396 puntu emon deutsiez Uribe Kostakoei eta 345,5 Hego Uribekoei.

Beñat Vidal izan da saioko gai-jartzaile eta aurkezlea. Epaimahaian, Juanjo Respaldiza, Jurgi Fuentes eta Miriam Juaristi egon dira, eta Maddi Ibaibarriaga idazkari.

Uribe Kostaren partetik, honeek sei bertsolariak egon dira oholtzan: Naroa Torralba, Aritz Landeta eta Maider Barañano 18 urtera artekoen mailan; eta Inazio Vidal, Paule Loizaga eta Kerman Diaz 24 urtera artekoetan. Hego Uriberen ordezkari, honeek seirak egon dira Sopelan: Eztizen Artola, Irati Antepara eta Unai Fortuna gaztetxuetan; eta Ander Anakabe, Asier Urkiza eta Enare Muniategi nagusietan.

Hortaz, txapelketako hurrengo fasean, finalaurrekoetan, izango da Uribe Kosta. Hilaren 28an Durangon egingo dan finalaurrekoan kantauko dabe eskualde horretako gazteek.

Datorren astean jokatuko dan kanporaketatik urtengo dau Uribe Kostakoen aurkariak. Kanporaketa hori, fase honetako azkena, martitzenean, hilak 21, izango da, Lea-Artibai eta Uribe Butroeren artean. Markina-Xemeingo Kultur Aretoan da hitzordua, 10:30etan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa