Bertsomovieda 2017 lehiaketea martxan da

Bizkaie! 2017-03-14 11:03   Bertsolaritzea

Bertsoak agiri diran bideoen lehiaketea da Bertsomovieda. Maiatzaren 4ra arteko epea dago lanak aurkezteko.

Mundu guztiari parte hartzeko deia egin deutsie lehiaketearen antolatzaileek. Horregaitik, baldintza gitxi ipini ditue: Gitxienez zazpi segunduko bideoak aurkeztu leitekez, edozein formatutakoak (bideoklipa, grabautako bertso sortea, bertsoen eta irudien arteko montajea...). Taldeka zein bakarka parte hartu ahal izango da eta bakotxak nahi beste bideo aurkeztu ahal izango ditu.

Hori bai, kasu guztietan bertsoren bat entzun beharko da. Norberak sortutakoak edo besteren batenak izan leitekez bertsook. Azken finean, bertsolaritzea eta ikus-entzunezkoak batzea da asmoa. Urteen joanean, finkatzen joan dan lehiaketea da Bertsomovieda eta aurtengoa seigarren edizinoa izango da.

Maiatzaren 4a baino lehen bideoa internetera igon eta Bertsomovieda lehiaketako antolatzaileei horren barri emotea, besterik ez da egin behar parte hartzeko. Euren webgunean ipiniko dabe laster inprimaki bat, parte-hartzaileek bete daien.

Behin epea amaituta, bideo guztiak Bertsomovieda-ren webgunean ikusgai ipiniko ditue eta botoa emon ahal izango dabe bisitariek, maiatzaren 12ra arte. Guztira, 2.500 euro emongo dira saritan. Publikoaren saria egongo da, bertsorik onenarena be bai eta kategoria ugaritakoak: Gazteena, helduena, epaimahaiak aukeratutako aitamen biak eta abar.

Sariak banatzeko ekitaldia maiatzaren 19an izango da, Beasainen. Izan be, herri horretako Arrano Kultur Elkartea da Bertsomovieda-ren bultzatzaile nagusia. Udala eta inguruko enpresak dira babesleak.

Lehiaketearen oinarriak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu