Blas de Oteroren eguna ospatuko dau Bilboko Udalak eguaztenean

Bizkaie! 2017-03-14 08:48   Kulturea

Ekitaldi instituzionala egingo dabe erakundeek eta Lucía Sócam kantautorearen kontzertua egongo da Bidebarrietako liburutegian.

Bilbok 20. mendean emon dauen poetarik handienetako bat izan zan Blas de Otero eta, horregaitik, haren jaiotzearen urteurrenean, martiaren 15ean, ekitaldiak egoten dira urtero. Aurten 101 urte beteko dira idazlea jaio zala eta eguaztenean, hilak 15, egingo dabe ospakizuna.

Alde batetik, urteroko ekitaldi instituzionala antolatuko dau Bilboko Udalak, Blas de Otero Fundazinoagaz alkarlanean. Poetearen lana jagon eta ezagutzera emoteko, aspalditik dabiz alkarlanean Udala eta fundazinoa. Martiaren 15ean urtero egiten dan ekitaldiaz gan, Blas de Otero-Bilboko Uria poesia sariketea eratzen dabe.

Beste alde batetik, proiektu musikal berezi bat aurkeztuko da eguaztenean bertan, Blas de Oteroren obreagaz oso lotua. Lucía Sócam kantautore sevillarrak Otero diskoa aurkeztuko dau Bidebarrieta liburutegian. Blas de Oteroren obrea zehaztasun handiz aztertu dau Sócamek eta aukeratutako olerki batzuk musikatu ditu. Konpromiso sozial handiko poemak dagoz diskoan, besteak beste. Gaur egungo errealidadeagaz bat egiten daben olerkiak aukeratu ditu Sócamek gehienbat.

Lucía Sócamek lehendik be hartu-emon estua izan dau olerkigintzeagaz. Espainiako poeten 27ko belaunaldiko hainbat autoreren poemak musikatu eta ezagutarazoten jardun dau eta, azkenaldion, emakume autoreen lana aztertzen ibili da.

Igaz, Blas de Oteroren jaiotzearen mendeurrenean, jentaurreko ekitaldi esanguratsuak antolatu ziran, literaturearen alorreko adituak bertan zirala. Aurten, ostera, ospakizun intimistagoa egin nahi dau Udalak eta Lucía Sócamen kontzertua aproposa da helburu horretarako.

Bidebarrietako liburutegian izango da Lucía Sócamen emonaldia, eguazten arratsaldeko 19:30ean. Doban sartu ahal izango da aretoan. Ganera, streaming bidez interneten ikusi ahal izango da kontzertua, zuzenean (hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu