Uriko auzoetan hurrengo hileetan egongo dan eskaintza musikala aurkeztu dau Bilboko Udalak

Bizkaie! 2017-03-13 11:46   Musikea

Abesbatzak, ganbera-musikea eta antzekoak kontuan hartuta, 50 emonaldi baino gehiago sustatuko ditue Bilboko Udalagaz lotutako erakunde eta alkarteek.

Bilboko udaletxean egin da aurkezpena (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak barrutietarako musika-eskaintzea aurkeztu dau goizeon. Ekitaldian izan dira Nekane Alonso Udaleko Kultura zinegotzia, Ana Madariaga Bilbao Musikako zuzendaria eta Bilboko abesbatzetako eta Akordeoien Orkestra Sinfonikoko ordezkariak. Urtea amaitu bitartean abesbatzen eta ganbara musikako 50 kontzertu baino gehiago eskainiko dira. Udalak zuzenean sustatuta edo Udalaren laguntzinoa daben ekimenei esker, urte osoan askotariko errepertorioa izango da urian, batez be eleizetan eta udaltegietan.

Eskaintzearen barruan dagoz Bilboko Koral Alkartearen eta Akordeoien Orkestra Sinfonikoaren kontzertuak, Bilbao Musika erakundeak antolatutako jarduerak eta Udalaren bestelako programak, Barrutiak Kantari eta Abesbatzen Gabonetako Kontzertuak esaterako. Ganera, Bizkaiko Abesbatzen XXXIV. Eguna egingo da Zorrotzan bagilaren 4an; hor 50 abesbatza baino gehiagotako mila kantari inguruk kontzertu erraldoia emongo dabe kalean. Jai handi horren bidez, herritarrei abesbatzen mobimenduaren indarra erakutsi nahi jake eta, bide batez, bertoko tradizinoa erakutsi.

Aurkeztutako programazinoa martiaren 18an, zapatuan, hasiko da Bilboko Korala Gertutik ekimeneko lehenengo kontzertuagaz. Honakoan, kantuko eta gitarren orkestrako ikasleen errezitaldia entzuteko aukerea izango da Txurdinagako Andre Mariaren eleizan. Beste bost kontzertu be emongo ditue Bilboko Koral Alkarteko taldeek, Atxuriko, Iralabarriko, Matikoko, Zorrotzako eta Deustuko parrokietan, martiaren 24an, apirilaren 1ean, 7an eta 29an eta, azkena, maiatzaren 6an.

Maiatzean bertan, Barrutiak Kantari programeak hartuko dau lekukoa, 16 kontzertugaz, barruti bakotxean bi. Bilboko ia abesbatza guztiek parte hartuko dabe: San Inazio Abesbatza, Deustoarrak, Andre Berri Abesbatza, San Anton Abesbatza, Coro Emays, Lur Maitea Otxote, Sanfran Korue, Coro Lagundi, Coro de Ingenieros, Coro del Club Deportivo, Bilbao Argia Otxote, Emitenia Coro de Cámara, Begoñako Sustraiak Abesbatza, Agrupación Coral Otxarkoaga, Garaizarko Matsorriak Abesbatza, Coro San Antonio de Iralabarri, Arraizpe Abesbatza, Gaudeamus Hodie Abesbatza, Euskeria Abesbatza, Jatorki Abesbatza, Coro Bagabiltza, Inmakuladako Abeslariak eta Mikel Deuna Abesbatza.

Barrutiak Kantari programearen barruko abesbatzen kontzertuak parrokietan egingo dira, batez be, baina aire zabaleko kontzerturen bat edo beste be sartu da; esaterako, Iturriondo plazan maiatzaren 21ean egingo da bat, 12:00etan hasita, Sanfran Korue-ren eskutik.

Urtea amaitu bitarteko jardueren artean, irailaren erditik aurrera lau kontzertu antolatuko ditu Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak. Kontzertu horreek barikuetan izango dira, 20:00etan; azkena, urriaren 27an, Azkuna Zentroko Kulturen Atarian.

Abenduan, urteko egitaraua biribiltzeko, Kultura Sailaren Abesbatzen Gabonetako Kontzertuak izango dira: abesbatzek Gabonei lotutako abestiak kantauko ditue uriko eleizetan. Azken edizinoan 25 abesbatzak parte hartu eben eta 2.000 persona baino gehiago joan ziran entzutera. Edadekoen Abesbatzen Astea be egingo da gabon bueltan, Otxarkoagan.

Bilbao Musika erakundearen menpeko taldeei jagokenez, Txistularien Udal Bandeak eta Udal Musika Eskolako taldeek uriko auzoetan egiten dan Kultura Kalez Kale programan parte hartuko dabe. Era berean, barrutietako jaietan eta egun berezietan ohikoak dira Txistularien Bandaren eta eskolako beste talde batzuen emonaldiak.

Azkenik, Udal Musika Bandeak denporaldi honetako amaierea Sarrikoko Musika Konserbatoriora eroango dau udabarrian. Areatzako kontzertuak be antolatuko dira. Euskalduna jauregia da Bandearen ohiko egoitzea, baina 2017-2018 denporaldian horreek leku biak eta Azkuna Zentroa batu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu