Xabi Igoak irabazi dau Arabako Bertsolari Txapelketako azkenaurreko finalaurrekoa

Bizkaie! 2017-03-13 09:23   Bertsolaritzea

Gasteizko finalean egoteko aurrerapausu handia egin dau Xabi Igoak, Laudion  jokatutako finalaurrekoa irabazita.

Xabi Igoa, Laudion (argazkia: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako Bertsolari Txapelketea lehenengo aldiz antolatu zala 35 urte bete diran ezkero, jatorrira bueltau nahi izan dabe antolatzaileek: Ekimena sortu zan lekuan, Laudioko Tunel tabernan, aurkeztu eben aurtengo edizinoa eta bosgarren finalaurrekoa be Laudion jokatu zan. Bigarren itzuliko bigarren finalaurrekoa izan zan Laudiokoa eta, fasea amaitzeko saio bakarraren faltan, Xabi Igoak ia eskuan dauka finaleko txartela.

Finalaurrekoetako saio guztietan ohikoa dan legez, 14na bertso puntuagarri bota zituen sei bertsolariek Laudion, Oier Suarez gai-jartzailearen esanetara. Amaieran, epaileek 243 puntu emon eutsiezan Xabi Igoari. Bigarren Rikardo Gonzalez de Durana izan zan, 238 puntugaz eta, hirugarren, Paula Amilburu, 234gaz.  Atzerago geratu ziran Asier Rubio (227 puntu), Ander Solozabal (220,5) eta Jagoba Apaolaza (196).

Finalaurrekoetako itzuli bietako puntuak batuta erabagiko da nortzuek jokatuko daben finala Gasteizen. Datorren asteko saioa falta dala, Xabi Igoa da punturik gehien batu dauena eta aukera handia dauka finalean egoteko. Laudion kantau eben Rikardo Gonzalez de Durana eta Paula Amilburu be sailkapenaren goialdean dagoz orain eta badaukie aukerea Gasteizera heltzeko. Laugarren finalaurrekoaren irabazle Manex Agirre eta bigarren sailkatu Iñaki Viñaspre be ondo kokatuta dagoz.

Azken finalaurrekoa, finaleko sei bertsolariak nortzuk izango diran erabagiko dauena, Aramaion jokatuko da datorren zapatuan, hilak 18. Honeek izango dira oholtzan: Andere Arriolabengoa, Asier Otamendi, Izar Mendiguren, Oihane Perea, Serapio Lopez eta Zigor Enbeita. Uxue Díaz de Cerio izango da gai-emolea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa