Bakarkako lehenengo diskoa plazaratu dau Maider Zabalegik

Bizkaie! 2017-03-10 13:27   Musikea

Hamar kanta gozo eta koloretsu dakarz Zuei diskoak (Elkar). Bakarkako proiektua dan arren, kolaboratzaile ugari izan ditu Maider Zabalegik.

Alaitz Telletxeagaz batera, Alaitz eta Maider bikote musikal ezagunean ibili zan Zabalegi. Aro hori atzean itxi eta bakarkako ibilbideari ekin deutso. Zuei da bere ibilbide barri horretako lehenengo emoitzea. Gaur, barikua, aurkeztu dau diskoa Donostian eta hilaren 18an emongo dau lehenengo zuzeneko kontzertua, Oiartzun jaioterrian.

Maider Zabalegik berak egin ditu konpositore eta abeslari lanak. Sentimendu garbiak batu eta biztuteko asmoz sortu dau diskoko musikea, sentimenduak eta lengoaia erakargarria erabilita, Elkar diskoetxearen esanetan.

Freskotasunez eta gozotasunez beteta, entzulearen barruraino heltzeko gaitasuna daukie Zuei laneko hamar kantek. Autorearen ustez, preminazkoak dira maitasun eta alkartasun berbak, segundo bakarrean bizitzeak birea egin leikeelako.

Diskoa grabetako orduan, musikari ugari izan ditu Zabalegik inguruan: Karlos Aranzegi (bateria, perkusinoa), Joseba Loinaz (pianoa), Urbil Artola (Lap Steel, dobroa, gitarra akustikoak eta koruak) eta Dani Venegas (gitarrak, mandolinea, banjoa, baxuak, hammon, sintetizadoreak, perkusinoak eta musikearen produkzinoa). Euskal Herri guztiko oholtzetan alkarregaz ibili ostean, Alaitz Telletxeak be ez dau hutsik egin eta kolaboratzaileen artean dago.

Diskoa ez eze, zuzenekoak be proiektuaren zati inportantea dira Maider Zabalegirentzat. Lehenengo kontzertua Oiartzungo udaletxean emongo dau martiaren 18an, zapatua, iluntzeko 20:00etan. Maiatzerako beste emonaldi bi lotu ditu: 7an Azpeitiko San Agustin kulturgunean eta 19an Durangoko Plateruenan.

Horrezaz gan, emonaldi akustikoa eskainiko dau Zabalegik martiaren 24an, Bilboko Elkar aretoan (19:00). Diskoko kanta batzuk entzun ahal izango dira hor, baina formatu akustikoan.

Zuei diskoan agiri dan kantea da Hitz debekatuak eta horren bideoklipa atera dau Maider Zabalegik (ikusi hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu