Beth Hart, Allah-Las eta Zea Mays be Mundaka Festivalen izango dira

Bizkaie! 2017-03-10 08:47   Musikea

Estadu Batuetako bakarlari eta talde bana, eta Euskal Herriko talde bat dira Mundaka Festivaleko nobedade barriak. 

Garagarrilaren 28tik 30era Santa Katalinako jaigunean egongo diran beste hiru talde eta musikariren barri emon dabe Mundaka Festivaleko antolatzaileek. Beth Hart, Allah-Las eta Zea Mays jaialdiaren hirugarren edizinoko egitarauan sartu dira, lehenagotik baieztauta egon diran Mando Diao, Quique González y Los Detectives, Lee Fields & The Expressions, Peter Harper eta Last Fair Deal-egaz batera.

Beth Hart abeslari eta konpositorie amerikarrak rock, blues jazz eta soul doinuak lantzen ditu. Bere ahots indartsuari esker, Robert Plant, Ella Fitzgerald, Janis Joplin, Aretha Franklin, Etta James eta beste hainbategaz lan egin izan dau. Bestetik, Allah-Las Kaliforniatik datorren bandea da. Calico review, euren hirugarren diskoa, aurkeztuko deutsie Mundakako publikoari.

Beste alde batetik, euskal ordezkaritzea be egongo da Mundaka Festivalen, orain arte iragarritako egitarauko musikari gehienak kanpokoak diran arren. Zea Mays talde bilbotarra izango da euskal ordezkaritzako kideetako bat. Harro disko barria argitaratu eban orain dala hil batzuk eta, oholtza ganean 20 urte bete dituanez gero, hori ospatzen dabil Zea Mays.

Garagarrilaren 28tik 30era ospatuko da aurtengo Mundaka Festival jaialdia. Aurreko edizinoetan legez, musikea ez eze, gastronomia eta surfa izango dira ardatzak. Jaialdiaren hiru egunetarako bonoak salgai dagoz, 55 euroan.

Holan geratu da jaialdiaren kartela

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu