Eusko Jaurlaritzeak gidatuko dau Creadis 3 proiektua, Kultura eta Sormen Industrien esparruan barrikuntzea bultzatzeko

Bizkaie! 2017-03-07 09:52   Kulturea

Erreferentziazko gunea izango da Euskadi ekimen honi esker eta bere politika kulturalak hobetu ahal izango ditu.

Euskadiko Artxibo Historikoan sinatutako akordio baten bitartez emon jako hasierea egunotan Creadis 3-Smart Creative Districs proiektuari. Kultura eta Sormen Industrien (KSI) esparruko ekimen honek Europar Batasuneko sei lurralde batzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila arduratuko da 2017-2021 aldian gidatzeaz. Ekimen honi esker politika publikoen agendak parekatuko dira KSIen garapen barritzailea lortzeko. Creadis 3 proiektuaren bidez Euskadi erreferentziazko gune izango da Europako ekonomian gero eta pisu handiagoa dauen esparru honetan, eta bere politika kulturalak hobetu ahal izango ditu.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak aurkeztu dau jentaurrean proiektu hau abiarazo ahal izateko akordioa. Sailburuagaz batera, Kulturako sailburuorde Joxean Muñoz eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Miren Arzalluz izan dira. Izan be, Institutuak, euskal kulturearen enbaxadore nazinoartean dan neurrian, pisu nagusia izango dau proiektuan. Akordioa sinatzeko ekitaldian Eusko Jaurlaritzako beste zenbait ordezkari be izan dira, bai Kultura Sailburuordetzakoak bai Euskadik Europar Batasunean dauen ordezkaritzakoak. Europar Batasuneko Estadu batek eta lau eskualdek hartzen dabe parte, Euskadigaz batera, proiektuan: Eslovakiak, Erdialdeko Finlandiak, Emilia-Romagnak, Valoniak eta Mendebaldeko Greziak. Lurralde guztietako ordezkariak izan dira akordioa sinatzeko Bilbon izan dan ekitaldian.

Creadis 3 proiektua asmo nagusi bigaz sortu zan: lurraldeetako politika publikoen agendak koordinau eta KSIen arloan Europako eskualdeetan barrikuntza eta garapen ekonomikoa sortzea helburu daben politika eragingarriagoak garatzen laguntzea. Gobernantza instituzionala hobetzea eta, aldi berean, KSIek eskualdeen garapenean sendo laguntzea da, beraz, proiektu honen helburua. Hori lortzeko bigarren mailako honako helburu honeek jarraituko dira:

• Lurralde osoan lankidetza administratiboa sustatzea KSIen ardurea daben agintarien arteko sinergiak bideratzeko.
• Politika kultural eta ekonomiko hobeak egituratzea KSIentzat barrikuntza-politika eraginkorrak lortzeko.
• Nazinoartean lurraldeen erakargarritasuna babestea eskualdearen ahalmen sortzailean inbersinoak areagotzeko eta talentua daben ekintzaileei bertan eusteko.
• Zentroen, laborategien, klusterren, haztegien, unibersidadeen, parke zientifikoen eta tokian tokiko ekosistemearen barruan zeharkako alkarlana hobetzea.
• Sektore kulturalen eta teknologikoen hazkundea hobetzea zeharkako eraginak abiarazoteko.
• ETEei nazinoartekotzen laguntzea, ikerketearen eta gaitasunen arloan eta barrikuntzarako azpiegituretan negozio-eredu barriak eta gaitasunak sortzearen bitartez.

Bingen Zupiria sailburuak Creadis 3 erronkearen garrantzia azpimarratu dau: Proiektu honek erronka garrantzitsu bati heltzeko aukerea emongo deusku, batez be sormenaren alorrean, eta egin ahal izango dogu Europako beste lurralde batzuekaz batera. Era berean, gobernantza partekatuaren ikuspegia garrantzi handikoa da Eusko Jaurlaritzearentzat, beste Sail batzuekaz, aldundiakaz eta udalakaz lan egin beharko dogulakou. Azkenik, KSIak hainbat alorretara zabaltzen dirala kontuan hartuta, identifikau beharko doguz Europa mailan sustatu gura doguzan alorrak edo diziplinak. Gastronomia barritzailearen alorra, diseinua edo bideo-jokoen mundua lehenetsiko diran diziplina estrategiko horreetako batzuk izan daitekez.

KSIen ikuspegiak bere barruan hartzen ditu kulturearen alboetan egoten diran diziplinak (diseinua, modea, gastronomia, bideo-jokoak...), artearen eta industrian bitartean koka daitekezanak. Bilakaera bat badago, beraz, kulturaz izan dan definizion tradizionalaz harago, eta kontuan hartzen dira inpaktu handia dituen arloak, bai barrruan bai kanpoan.

Creadis 3 proiektua alkarlanean garatzeko, bazkide bakotxak gai zehatz baten gidaritzea hartzea adostu dau etapa horreetan. Eusko Jaurlaritzea politika kultural eta ekonomiko hobeak egituratzeaz arduratuko da, KSIentzat barrikuntza-politika eraginkorrak lortzeko. Proiektua arrakastatsua izan daiten ezarriko dan metodologiak binaka lan egitea ezartzen dau, lehentasun estrategikoak konpartiduten dituen eskualdeen arteko hartu-emonak sustatzeko. Eusko Jaurlaritzearen kasuan, Erdialdeko Finlandiako ordezkariakaz dauen loturan sakontzea egokitu jako.

Creadis 3 proiektuak gobernantzako eta ekosistema sortzaileetako jardunbide egokiei buruzko txostena egingo dau. Proposamen honek, bestalde, espezializazino adimentsu jasangarrien barruti sortzaileak ezartzeko aukerea be emongo dau, proiektuaren funtsezko alderdia izanik. Barruti sortzaile horreek dira agintari publikoen eta interesa daben industria-sektoreen arteko lankidetzea sortzen dauen ekosistema moduko bat. Era horretara, Kultura eta Sormen Industrien garapena sustatzea ahalbidetzen da, bai eta barrikuntzea bere. Barruti horreek, proiektu honi esker, honako ezaugarriak izan beharko ditue:

• Gobernantza-eredu hobeak, KSIei babesa emoteko lurralde-politika publikoen agendak parekatuko dituenak.
• Kulturearen eta garapen ekonomikoaren arloko politikak gauzatzeko tresnen artean sinergia handiagoa.
• KSIak tokian tokiko barrikuntza-ekosistemetan sartzeko neurri politiko hobeak.
• KSIen eta ekonomiaren, hezkuntzearen eta ikerketearen arloko beste sektore batzuen artean alkarloturiko lankidetza eta hazkunde-ekimen gehiago aerrikuntzea sustatzeko.
• Politika hobeak tokian tokiko ETE sortzaileei nazinoartekotzen laguntzeko.
• KSIek FEIE fondoetan eta RIS3etan (espezializazino adimentsuen estrategietan) daben eginkizuna indartzea.

Danetara, proiektuak 1,4 miloe euroko inbersinoa dakar, eta % 85 Interreg fondoetatik aterako da. Euskadik 475.279 euro izango ditu programea garatzeko; 69.791 euro Eusko Jaurlaritzearen diru-ekarpen zuzen baten bidez eta bestea fondoen bitartez.


Proiektuaren aurrekariak

Proiektu honen aurrekariek zerikusi zuzena dabe 2014an sortutako Regional Initiative For Culture and Creativity (RICC) ekimenagaz. Europako sare informal hori eskualdeetako 25 gobernuk, urik eta lurraldek osotzen dabe, Sare horri esker Europako erakundeen eta KSIen esparruan barrikuntzan interesa eben alderdien arteko alkarlana sakondu ahal izan zan. Bestalde, lankidetza horri esker indartu ahal izan zan sormenak eta kultureak lurraldeen eta eskualdeen garapenean, eta hazkunde ekonomikoan, daben indarra.

Hainbat lan egin ondoren eta KSIen garrantzia ikertu ondoren, RICC sarearen ondorioa izan zan KSIen agenda estrategikoak falta zirala eskualdeetan. Sarearen ondorioen arabera, beraz, koordinazino handiagoa behar zan KSIen ahalmena garatzeko eta horreen barrikuntzea sendotzeko ingurune egokia eta aldez aurreko baldintza positiboak sortzeko. Eta hortxe sartu da jokoan Eusko Jaurlaritzea. Euskadik hartu dau RICC sarearen gomendioak apliketako ekimena, eta Europako Interreg programea kultura-garapenaren eta ekonomia-garapenaren arteko sinergiak sortzeko aukera moduan identifikau dau.


KSIak Euskadin

Euskadin autortzen da kulturea, sormena eta KSIak ekonomiaren hazkundearen iturri dirala, eta tokian tokiko eta eskualdeetako garapenerako potentzial handia dabela. Sektore horrek 14.000 konpainiatik gora ditu Euskadin, eta 71.000 personari emoten deutse lana, 2014an Eusko Jaurlaritzearentzat egindako txosten baten arabera.

Euskadin, 2015eko urrian sartu ziran espezializazino adimentsuaren euskal estrategian Kultura eta Sormen Industriak. Estrategia horren barruan kulturea eta sormena aukera legez identifikau dira. Bestalde, Euskadiko esparru instituzional konplexuaren ondorioz, eskumen-maila desbardinetan banatuta dauena kulturea, gobernantzeak aparteko garrantzia dauka. Erakundeen arteko sinergiak eta kulturearen eta ekonomiaren arloko agendak parekatzea funtsezkoa da, alde horretatik. Proiektu europar honen bidez holako zereginetan sakonduko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu