18.000 webgunek baino gehiagok euskerazko edukiak daukiez

Bizkaie! 2017-03-07 09:22   Euskerea berbagai

PuntuEUS Behatokiak egin dauen azterlanaren arabera, Euskal Herrian erregistrautako webguneen % 13k euskerea erabilten dabe.

Mahai-inguruan parte hartu eben emakumeak eta Josu Waliño, saioa hasi aurretik (argazkia: PuntuEUS) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bigarren urtez, euskereak webguneetan daukan presentziaren ganeko azterlana egin dau PuntuEUS Fundazinoak. Oraingoan, 2016ko datuak aurkeztu ditue. Guztira, Euskal Herrian 230.000 domeinu-izen dagoz erregistrauta, domeinu nagusiak kontuan hartu ezkero behintzat. Horreetatik 18.317 euskeraz dira, edo euskerazko edukiak daukiez.

Beraz, Euskal Herrian erregistrautako webguneen % 13 inguruk erabiltzen dau euskerea. Josu Waliño PuntuEUS Fundazinoko zuzendariaren esanetan, hori bat dator Inkesta Soziolinguistikoak euskerearen kale-erabilerearen inguruan emondako datuagaz. Hau da, euskerea erabiltzen daben herritarren eta euskerazko edukiak daukiezan webguneen proportzinoa parekoa da.

Euskerea erabiltzen daben webguneen artean, 6.032 .eus domeinudunak dira. Horrek esan nahi dau, domeinu hori daukien webgune gehien-gehienak (% 90 inguru) euskerazkoak dirala. Ganerako domeinu-izenetan proportzinoa % 20tik beherakoa da kasu gehienetan (baina .org-en % 34koa da). Horrenbestez, Josu Waliñok adierazo dau .eus domeinua euskerearen arnasgune digitala dala.

Beste alde batetik, emakumeek interneten daukien presentzia be aztertu dau PuntuEUS Behatokiak. Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egindako mahai-inguru baten aurkeztu ditu datuak. Azterlanean ikusten danez, .eus domeinua erregistrau dabenen % 25 baino ez dira emakumeak. Orokorrean, ingurune digitalean emakumeen presentzia txikiegia dala uste dau PuntuEUSek.

Twitterreko jarduna aztertzen dauen UMAP webguneak emondako datuak aintzat hartuta, PuntuEUSek ikusi dau euskal txiolarien heren bat baino ez dirala emakumeak. Ehun erabiltzaile aktiboenen zerrendan, 22 emakume baino ez dagoz eta lehenengo hamarren artean bat be ez dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu