Zinegoak jaialdiak konpromiso sozial handiko lanak saritu ditu

Bizkaie! 2017-03-06 10:42   Zinemea

(M)uchenik, Los objetos amorosos eta Mów mi Marianna izan dira Zinegoaken aurtengo edizinoko irabazle nagusiak.

'(M)uchenik' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Guggenheim Museoan banatu dira Zinegoak, Bilboko LGTB Zinema eta Arte Eszenikoetako jaialdiko sariak. Antolatzaileen esanetan, aurtengo sarituek ezaugarri nabarmen bat euki dabe: Konpromiso handiko lanak dira guztiak, eduki sozialak eta aldarrikapenak izan dira nagusi. Ganera, 12 sarietatik zazpi emakumeek irabazi ditue. Azken urteetako jokerea da Zinegoakek emakumeek egindako lanak aintzat hartzea, eta aurten areagotu egin da.

Fikzinoaren atalean, sari nagusia (M)uchenik film errusiarrak irabazi dau. Kirill Serebrennikov da zuzendaria. Nazinoarteko epaimahaiaren esanetan, ikuslea muturreko egoera batera eroaten dau pelikuleak, gaur eguneko gaiak jorratzen ditu eta kalidade handikoa da. Fikzinozko gidoirik onenaren saria be irabazi dau film horrek.

Zuzendaritzarik onenaren saria Adrián Silvestrek irabazi dau, Los objetos amorosos lanagaitik. Zinemagintzako baliabideak maisutasunez erabili ditu Silvestrek, epaimahairen ustez. Ganera, epaimahai horrek erabagi dau, aitamen berezia egitea Alex Anwandter-en Nunca vas a estar solo filmari.

Dokumentalen atalean, ostera, sari nagusia Karolina Bielawska-ren Mów mi Marianna lanak irabazi dau. Pertsonaia nagusia trebetasunez aurkezten da dokumental horretan eta gertakari nagusiak naturaltasunez erakusten dira, epaimahaiaren esanetan.

Aitamen berezia, dokumentalen alorrean, Jake Witzenfeld-en Oriented filmak jaso dau. Bestalde, Lesbianismo eta Generoaren saria ex-aequo emon deutsie pelikula biri: Arreta eta Moms on fire. Anitasun eta Giza Eskubideen epaimahaiak Ustav Republike Hrvatske saritu dau.

Sari-banaketea eginda, aurtengo Zinegoak jaialdia amaitu da. Halandabe, bertan aurkeztutako pelikularik aitagarrienak barriro ikusteko aukerea egongo da laster, Zinegoak Hedapena zikloan. Programa horri esker, Zinegoaken ikusitako film batzuk 32 herritan proiektauko ditue.

Guggenheim Museoan egindako sari-banaketa ekitaldia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu