Julen Zelaieta eta Xabier Maia nagusi, Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken final laurenetan

Bizkaie! 2017-03-06 09:07   Bertsolaritzea

Iruritan eta Uharten jokatutako saioak amaituta, finalaurreetan egongo diran 18 bertsolarien zerrendea osotu da.

Iruritako saioa (argazkia: Nafarroako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Nafarroako Bertsolari Txapelketearen barruan, asteburuko lehenengo final laurena, fase horretako azken aurreko saioa, zapatuan jokatu zan, Iruritan, 150 entzule baino gehiagoren aurrean. Julen Zelaieta izan zan saio horretako irabazlea, 306 puntugaz. Josu Sanjurjo bigarrena be (289 puntu) finalaurreetan izango da.

Iruritako ganerako parte-hartzaileak honeek izan ziran: Amaia Elizagoien hirugarren (279 puntu), Oskar Estanga laugarren (272,5), Ekaitz Astiz bosgarren (266) eta Saats Karasatorre seigarren (265,5).

Domekan, ostera, azken final laureneko saioa jokatu zan Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, 180 bertsozaleren aurrean. Kasu horretan, Xabier Maia izan zan irabazlea (308,5 puntu) eta, horri esker, zuzeneko txartela lortu dau finalaurreetarako. Saioko bigarrena eta hirugarrena be hurrengo fasean izango dira, puntuazinoari esker. Eneko Fernandez (298,5 puntu) eta Ander Fuentes Itturri (290,5) dira horreek biak.

Laugarren lekuan Irati Majuelok amaitu eban (268 puntu), bosgarren Sarai Robles izan zan (266,5) eta seigarren Oskar Sanz de Acedo (255,5).

Final laurenetako saio guztietako puntuazioak batuta, finalaurreetan izango diran 18 bertsolarien zerrendea osotu da: Saioetako irabazleak eta puntuazinorik altuena lortu dabenak dagoz zerrenda horretan. Aitatzekoa da, bertsolari guztien artean Julio Sotok lortu dauela puntu gehien final laurenetan, 343,5.

Hiru finalaurreko jokatuko dira:

Beran, martiaren 18an: Julio Soto, Eneko Lazkoz, Iñigo Olaetxea, Ander Fuenstes Itturri, Kotte Plaza eta Alazne Untxalo.

Antsoainen martiaren 19an: Xabier Terreros, Xabier Maia, Iker Gorosterrazu, Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo eta Mikel Lasarte.

Agoitzen martiaren 26an: Aimar Karrika, Julen Zelaieta, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Patxi Castillo eta Oier Lakuntza.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu