Bidaiarien Txokoa helduko da Bilbora, martiaren 7tik 18ra

Bizkaie! 2017-03-03 08:45   Kulturea

Abentureari eta bidaiei eskainitako ziklo horretan, berbaldiak, proiekzinoak eta erakusketak egongo dira. Santutxu eta Begoñako udaltegietan izango dira jarduerak.

Unai Madariagak Asian ateratako argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken urteotako ohitureari eutsita, Bidaiariaren Txokoaren beste edizino bat antolatu dau Bilboko Udalak hileon. Santutxu eta Begoñako udaltegietako ekintzen bidez, auzotarrei bidaien eta abenturearen beste ikuspegi bat eskaintzea izango da zikloaren helburua.

Portugaleko kolonialismoak Afrikan itxitako aztarnea izango da aurtengo edizinoko ardatzetako bat. Izan be, hilaren 7tik 14ra bitartean, Angola, Mozanbike eta Cabo Verde herrialdeen inguruko erakusketea egongo da Begoñako liburutegian. Portugaldarrek han lagatako arrasto kulturala jorratzen da erakusketan, batez be literatureari begira. Hainbat autoreren lana nabarmenduko da, adibidez, Jose Eduardo Agualusa, Henrique Abranches, Baltasar Lopez eta Agostinho Netorena.

Berbaldi zikloan, ostera, bidaien ikuspegi barritzaile bat emoten daben personak izango dira Bilbon. Aitor Ahedok orain dala hiru urte familiagaz hasitako bidaia luzea kontauko dau hilaren 10ean. Álvaro Teixeirak, bestalde, Amerikako iparraldetik hegoaldera bizikletaz egindako bidaia gogoratuko dau 13an.

Hurrengo berbaldia euskeraz izango da, hilaren 15ean. Unai Madariaga bilbotarrak Australiako eta Asia hego-ekialdeko abenturak kontauko ditu. Amaitzeko, Andoni Canelaren argazkien proiekzinoa eta azalpena egongo da 17an.

Beste alde batetik, ikus-entzunezkoen tartea be izango dau aurtengo Bidaiarien Txokoak. Zinebi eta Mendi Film Festival jaialdietan ikusi ahal izan diran film batzuk aukeratu eta martiaren 9an, 14an eta 16an proiektauko ditue Santutxuko udaltegian.

Amaitzeko, ohikoa danez, beste herrialde batzuetako musikea ezagutzeko kontzertua dakar egitarauak. Aurtengo artista-bikotea Duo Paddam izango da, hilaren 8an Santutxun. Chanson frantsesa hobeto ezagutzeko piezen aukeraketa bat joko dabe.

Ekitaldi guztiak dobakoak dira eta leku guztiak bete arte sartu ahal izango da. Egitaraua osorik, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu