Musika Independentearen MIN Sarietako aurre-finalistak iragarri ditue

Bizkaie! 2017-03-03 08:25   Musikea

Sekulako parte hartzerik handiena izan dau deialdiak. Martiaren 15ean iragarriko ditue finalistak eta 28an irabazleak.

Entzuleen botazino fasea amaituta, Musika Independentearen MIN Sarietan lehiatzeko aurre-finalisten zerrendea badakigu dagoeneko. Sekulako parte hartzerik handiena izan dau deialdiak eta aurkeztutako 873 taldeetatik, sail bakotxean 30 pasau dira bigarren fase honetara. Martiaren 15ean iragarriko ditue finalistak eta 28an irabazleak.

Urtero legez, Etxepare Euskal Institutuak Euskerazko Album Onenaren Etxepare Saria babestuko dau, eta publikoak honako taldeak dira saria irabazteko hautagai, botoen arabera zerrendatuta: Gatibu, Kepa Junkera eta Sorginak, Vendetta, Zea Mays, Hesian, Izaro, Niña Coyote eta Chico Tornado, Xabi Solano, Ruper Ordorika, Willis Drummond, Baobabs will destroy your planet, Liher, Gari& Maldanbera, Joseba B. Lenoir, Lauroba eta Petti & Etxeko Uzta.

Dana dala, hori ez da izango euskal ordezkaritza bakarra sarietan: beste hainbat euskal talde, besteak beste, Belako edo Kaotiko sarietako beste kategorietan lehiatuko dira (danetara, 22 sari banatzen dira MIN sarietan).

9. edizino honetan publikoaren parte-hartzea sustatu nahi izan dabe antolatzaileek, botazino prozesua abian jarrita. Holan, lehen fase batean 30 aurre-finalistak hautatu ditu publikoak. Orain, epaimahai profesional batek hautatuko ditu finalistak, martiaren 15ean iragarri eta martiaren 28an irabazleen barri emango da Teatro Nuevo Apolo Madrid-en antolatuko dan saribanaketan.

MIN Sariak 2009 urtean sortu ziran estadu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek produzidutako lanei ikusgarritasuna emoteko, eta musika independentea estadu mailan eta nazinoartean sustatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu