Bizkaiko Foru Liburutegian 45 ekintza antolatuko dira aurten

Bizkaie! 2017-03-02 08:31   Kulturea

Lorea Bilbao Kultura diputaduak nabarmendu dau Foru Liburutegia espazio bizia dala, eta bertan, literatureak eta ganerako adierazpen kulturalek bat egiten dabela.

Lorea Bilbao eta Aldundiko Kultura Jardueren buru Montserrat Petralanda (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Programazino kultural anitza eta parte-hartzailea dakar Bizkaiko Foru Liburutegiak 2017rako, Foru Aldundiak jentaurrean egindako ekitaldian azpimarratu dauenez. Bilboko Kale Nagusitik hur dago liburutegia, uriaren bihotzean eta, hortaz, kulturearen alorreko erreferentzia izan nahi dau beste urte batez.

Publiko guztiari zuzendutako 45 jardueren artean, literatureagaz lotutakoak dira nagusi, baina  bestelakoak be badagoz. Besteak beste, bederatzi topaketa literario egingo dira, bost erakusketa, hamaika ikastaro eta zineforum bat. Gaztelaniazko irakurle talde bi antolatuko dira, eta beste horrenbeste euskeraz.

Foru Liburutegian modu aktiboan parte hartu leiteke, bizkaitarrak gogoan antolazen dira jarduerak, azaldu dau Lorea Bilbaok. Publiko zabalari eskainitako jarduerak dira gehienak, baina badagoz ume eta gazteei zuzendutakoak be, esaterako Bizkaidatz Txikia lehiaketea.

Erakusketei jagokenez, aurtengo lehenengoa hileon bertan zabalduko dabe, liburutegiko areto nagusian. Paperezko trailerrak, eskuko programak Bilboko zinema-aretoetan izenburupean, 1940 eta 1970 bitarteko Bilboko zinemetara eroango gaitu erakusketa horrek. Bagilean, Foru Liburutegiko funtsen inguruko erakusketa bat egongo da.

Tailerretan eta ikastaroetan, guztira, 320 plaza egongo dira eta danetariko gaiak jorratuko dira. Topaketa literarioetan izen handiko idazleek bisitauko dabe liburutegia, esaterako, Iban Zalduak, Leire Bilbaok eta Kirmen Uribek.

Urteroko ekitaldi osogarriak be ez dira faltauko aurten: Bookcrossing-a apirilean, umeentzako udako liburutegia garagarrilean eta ate edegiak urrian. Bizkaiko Foru Liburutegiko jarduerak doban izaten dira normalean baina eraikinean sartzeko nortasun agiria, pasaportea edo liburutegiko txartela erakutsi behar dirala gogoratu eragin dau Aldundiak.

Egitaraua osorik, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu