'Bohemiako paisaia' ikuskizun didaktikoan 2.500 umek parte hartuko dabe

Bizkaie! 2017-02-28 09:37   Musikea

Musika-Música jaialdiaren barruko ekintza hori martiaren 1etik 3ra bitartean egingo da Bilbon. Lehen Hezkuntzako ikasleek musikeagaz bat egitea da helburua.

Argazkia: Bilbao 700 Fundazinoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Eguenean, martiak 2, hasiko da Musika-Música zikloaren aurtengo edizinoa, Bohemia izenburupean. Egitarau nagusiagaz batera, ikastetxeetako neska-mutilei zuzendutako jarduera osogarriak egongo dira eta horreen arteko jentetsuena Bohemiako paisaia ikuskizun didaktikoa izango da.

Jaialdiaren antolatzaile Bilbao 700 Fundazinoak jakitera emon dauenez, 2.521 umek parte hartuko dabe ikuskizun didaktikoan. Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleak izango dira.

Bohemiako paisaia ikuskizunean, izenburuak dinoan legez, Bohemiako konpositore handiak izango dira errepetorioaren ardatza. Hau da, Gustav Mahler, Antonín Dvořák, Bedrich Smetana eta Leoš Janáček. Baina musikea modu pasiboan entzutea baino gehiago egingo dabe neska-mutilek. Zuzeneko emonaldien bidez, musikeagaz bat egiteko espazioa sortzea da helburua, antolatzaileen esanetan.

Gorputz-perkusinoan, kantuan eta kotidiafonoagaz egindako interpretazinoaren bidez, soinu bidaia baten parte hartzera eroango ditue neska-mutilak. Ganera, kontzertuan zehar, aktore bi egongo dira entzuten dabizan piezakaz lotutako irudiak sortzen.

Mercedes Albaina da ikuskizuneko koordinatzailea eta moldaketen egilea Jordi Flaquer da. Cristina Viñas arduratuko da irudiez eta proiekzinoaz. Narrazinoa ostera, Maider Abasoloren, Anna Jacasen eta Taber hirukotearen esku egongo da.

Martiaren 1etik 3ra, hau da, eguazten, eguen eta barikuan izango da jarduera didaktiko hau, Bilboko Euskalduna jauregian, euskeraz eta gaztelaniaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu