Sail in Festival Bilbon ospatuko da martiaren 2tik 5era

Bizkaie! 2017-02-27 11:18   Zinemea

Belearen munduagaz lotutako ikus-entzunezko lanak ikusi ahal izango dira Sail in Festivalen 4. edizinoan. Mike Birch kanadarrari omenaldia egingo deutsie zapatuan.

Nabigazinoaren artea bultzatzen eta zabaltzen dauen hitzordua da Sail in Festival, antolatzaileen arabera. BBK Salea izango da erdigunea, baina Bilboko beste hainbat gunetara be helduko dira jaialdiagaz lotutako jarduerak.

Aurreko edizinoetan legez, laugarren honetan be, ikus-entzunezkoak izango dira jaialdiaren ardatza. Nazinoarteko film batzuk estreinauko dira Bilbon. Abenturea, lehia zein hezkuntzea jorratzen dituen proiekzinoak izango dira. Ganera, umeei zuzendutako saio bereziak egongo dira, lau ikastetxegaz hasitako alkarlanari esker.

Sail in Festivalen, nabigazinoaren alorrean dabizanakaz eta filmen egileakaz zuzeneko hartu-emona izango dabe ikusleek. Esaterako, eguenean, jaialdiaren inaugurazino ekitaldian, IDEC Sports taldearen tripulazinoa egongo da, Alex Pella buru. Jules Verne sariaren barruan, belaotzian munduari birea emoteko errekorra hobetu dau talde horrek. Ganera, solasaldiak egongo dira, Sail in Talks izenburupean.

Aurtengo omenaldia zapatuan, hilak 4, egingo da. Mike Birch kanadarra aitzindaria da belearen munduan eta abentura ugaritan parte hartu dau. Ganera, ozeanoetako nabigazinoan ibilten diran emakumeei aitamen berezia egingo deutsie. Besteak beste, Tracy Edwards konbidau dabe Bilbora.

Jarduera osogarrien artean, Sail in Expo atalak María Muiña artistearen argazkigintza nautikoa eroango dau Bilboko metroko geltokietako hormetara. Bestetik, BBK Salan Mirabaud Yacht Racing Image sariketan parte hartu daben argazkiak ipiniko ditue.

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, beleagaz lotutako edukinak landuko dira, dobako eskolen bidez. Didac Costak, ganera, Vendée Globe lehiaketan parte hartzearen inguruko master-class bat emongo dau museoan. Mediterranioko errefuxiatuen krisiaren ganean berba egiteko tartea be hartuko dabe jaialdiaren azken egunean, domekan.

Aurreko hiru edizinoetan eta aurten, Sail in Festivalek nazinoarteko erreferentzia bihurtzea lortu dau itsasoko nabigazinoaren alorrean, antolatzaileek dinoenez. Belearen kulturea ardatz dauen ikus-entzunezko jaialdi bakarra da munduan. Aurtengo edizinoko programazinoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu