Aimar Karrika nagusitu da Lakuntzako finalaurenean

Bizkaie! 2017-02-27 09:00   Bertsolaritzea

Eneko Lazkozi puntu erdiko aldea aterata, martiaren 26an Agoitzen jokatuko dan finalaurrekorako txartela irabazi dau Auritzeko bertsolariak.

Lakuntzako Kultur Etxean jokatu da 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketearen hirugarren finalaurena, 200 bertsozale baino gehiagoren aurrean. Han izan dira kantuan Egoitz Gorosterrazu, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi eta Iker Gorosterrazu. Illarregik leheneng aldiz hartu dau parte txapelketa batean. Lakuntzako Luis Fuentes ikastetxeko ikasleen agurrak emon deutso hasierea saioari. Ainhoa Aranburu ibili da gai-jartzaile lanetan.

Saio puntugarriaren ostean, Aimar Karrikak hartu dau puntu gehien, 344,5, eta horrenbestez, martiaren 26an Agoitzen jokatuko dan lehen finalaurrekorako sailkapen zuzena eskuratu dau. Haren atzetik sailkatu dira ganerako bost bertsolariak baina honeek ganerako finalaurenetako puntuazinoen zain egon beharko dabe hurrengo fasera sailkatzen diran ala ez jakiteko. Holan geratu da saioko puntuazinoa: Aimar Karrika (344,5), Eneko Lazkoz (344), Iker Gorosterrazu (300), Joanes Illarregi (299,5), Oier Lakuntza (288) eta Egoitz Gorosterrazu (263).

Datorren zapatuan izango dau jarraipena Nafarroako Bertsolari Txapelketeak, Iruritako Gizarte Bilgunean, 17:30ean. Han izango dira Oskar Estanga, Julen Zelaieta, Amaia Elizagoien, Josu Sanjurjo, Ekaitz Astiz eta Saats Karasatorre.

Domekan, barriz, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan jokatuko da txapelketearen bosgarren finalaurdena; 17:30ean hasita, Eneko Fernandez, Ander Fuentes ‘Itturri’, Sarai Robles, Xabier Maia, Irati Majuelo eta Oskar Sanz de Acedo izango dira kantuan. Saio horregaz amaituko da lehen fasea, eta orduan zehaztuko dira txapelketako finalaurdenetan izango diran bertsolarien izenak.

www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitekez aitatu saioetarako sarrerak. Iruritako saiorako sarrerak, ganera, Elizondoko Fantxike dendan erosi daitekez, eta Uharteko saiokoak Uharteko Kultur Etxean, 17:00etatik 21:00etara. Saioen egunean bertan, ganera, aretoetako leihatiletan eskuratu ahal izango dira, 16:00etatik aurrera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu