Hamabi bertso saio doban antolatzeko eskaintzea egin dau Arabako Bertsozale Alkarteak

Bizkaie! 2017-02-24 12:43   Bertsolaritzea

Bertsolaritza ezezaguna dan leku eta kolektiboetara heldu nahirik, eskaintza berezi hori egin deutse Arabako alkarte, jai batzorde zein gazte asanbladei.

Arabako txapelketan, Langraitzen jokatutako saioa | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsolaritza herritar guztiei hurreratzeko ahaleginean, pausua egin dau Arabako Bertsozale Alkarteak. Hamabi bertso saio antolatuko ditu, doban, aurtengo udan, eta horreetako bat antolatzeko asmoa daukien guztiei dei egin deutse eskabidea egin daien.

Bertsozale Alkarteak antolatuko dau saioa eta eroango ditu bertsolariak, eskatzaileari ezer kobrau barik. Helburu nagusia da, bertsolaritzea ezezaguna edo ezohikoa dan lekuetara eroatea. Ganera, beste helburu bi be badaukaz eskaintzeak: Batetik, Bertso saioak antolatzeko berezko ekimena sortzeko bidea zabaltzea eta, bestetik, bertsoen bidez euskerearen ekosistemea elikatzea.

Saioak antolatzeko eskabidea irabazi asmo bako alkarteek egin ahal izango dabe. Izakera juridiko bako taldeek be eskatu leikee (adibidez, gazte taldeek edo jai batzordeek). Erakunde publikoek edo irabazi asmodun taldeek ezin dabe eskaririk egin. Gasteiz eskaintzatik kanpo geratuko da, ganera. Eskatzaile bakotxak saio bat eskatu ahal izango dau.

Guztira, hamabi saio antolatuko ditu Bertsozale Alkarteak, eta eskatzaile guztien artean zeintzuk aukeratu erabagitzeko, erespide batzuk ezarri ditu. Lehenik eta behin, Arabako bertso-eskolen eskabideak aztertuko ditue. Ganera, bertso saio gitxi egoten diran herriei zein kolektiboei lehentasuna emongo jake, ekimenaren helburu nagusia betetzeko asmoz. Bertso saioaren entzuleak nortzuk izango diran be kontuan hartuko da, bertso saioak entzutera ohituta ez dagoan publikoari lehentasuna emonaz.

Beste alde batetik, hamabi saioak antolatzeko orduan, Arabako ahalik eta eskualde gehienetara heltzeko ahalegina egingo dau Bertsozale Alkarteak. Saioak udan egingo dirala zehaztu dau.

Eskaerea egin nahi daben alkarteek martiaren 10era arteko epea daukie. Baldintza guztiak eta eskabidea egiteko pausuak agiri baten batu ditu Arabako Bertsozale Alkarteak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu