Euskaraz Bizi Eguna egingo dau EHEk martiaren 18an

Bizkaie! 2017-02-23 08:46   Euskerea berbagai

Arrasaten izango da hitzordua. Euskeraz bizitzea aukeratu dabenei bultzadea emoteko eguna izango da, Euskal Herrian Euskaraz taldearen arabera.

EHEko kideak, Arrasaten, Euskaraz Bizi Eguna aurkezten (argazkia: EHE) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtero Hizkuntza Eskubideen Eguna ospatzeari itxi eta Euskaraz Bizi Eguna sortu eban EHEk orain dala urte batzuk, topaketearen mezua gaur egungo adlarrikapenetara egokitzeko asmoz. Dagoeneko, zortzigarren ekitaldia izango dau Euskaraz Bizi Egunak aurten. Euskal Herriko leku baten egiten da urtero eta aurten Arrasaten ipini dabe zitea, martiaren 18an.

Arrasaten bertan aurkeztu ditu EHEk Euskaraz Bizi Egunaren nondik norakoak. Euskeraz bizitzearen aldeko aukereari bultzadea emoteko eguna dogu, norbanako zein komunidade, euskeraz bizi nahi dogula erakusteko ekinaldia, azaldu dau euskerearen aldeko talde horrek. Ahalduntzerako ariketa praktikoa izango da Arrasatekoa, euskerearen alde egotetik egitera pasetako prest dagozala esateko eguna, EHEren esanetan.

Kontestu berezi baten dator aurtengo Euskaraz Bizi Eguna. EHEk berak onartu dauenez, krisi integral baten sartuta dago euskalgintzea eta EHEri be eragin deutso horrek. Hori dala eta, Izan, egin, eragin izeneko gogoeteari ekin deutsie.

Martiaren 18ko Euskaraz Bizi Egunak euskerearen normalizazioa helburu dauen fase barri batera heltzeko eredu izan nahi dau, adierazo dabe antolatzaileek. Arrasatera joan eta Euskal Herri euskaldunari ateak edegiteko deia egin dau EHEk.

Aldarrikapena eta ospakizuna batuta, egun osoko egitaraua izango dau Euskaraz Bizi Egunak. Goizeko 10:30ean botako dabe txupinazoa eta artisauen azokea zabalduko dabe. Goizean umeentzako jolasak egongo dira. Ekitaldi nagusietako bat, 12:30ean, Euskaraz Bizitzera Goaz izenekoa izango da.

Herri bazkariaren ostean, The Hans Blues Band-en doinuak hasiko dira. Bertso-saioa eskainiko dabe gero Alaia Martinek, Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok eta Jon Maiak. Kontzertuak (Dirty Brothers, Willis Drummond, Ezten Giro...) eta DJak iragarri ditue gauerako.

2017/03/18 Goiz eta arratsalde

Arrasaten

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu