UZEIk atzekoz aurrerako hiztegia eguneratu eta sarean ipini dau

Bizkaie! 2017-02-22 08:32   Euskerea berbagai

Ikerketarako eta bertsogintzarako tresna aproposa dala dino UZEI terminologia eta lexikografia zentroak. Izan be, berbak amaierearen arabera ordenauta datoz.

Hiztegi arruntei bueltea emon deutse UZEIk proiektu honetan. Lehendik be eginda euki dau alderantzizko edo atzekoz aurrerako hiztegia eta papelean argitaratu zituan ale batzuk 1994an. Baina aspaldi agortuta egoanez, edukiak eguneratu eta internet bidez barriro zabaltzea erabagi dabe sortzaileek. Ikusi hiztegia, hemen.

Euskaltzaindiaren arau barrietara eta Terminologia Batzordearen erespideetara egokitu dau hiztegia UZEIk, sareratu baino lehen. Ganera, osotu egin dau bertako edukia. Atzekoz aurrerako hiztegia sarean egotea erabilgarria dala uste dau UZEIk, izan be, era honetako hiztegi baten kasuan orriz orriko bilaketak ez dira erosoak. 1994ko edizinoak be bersino digitala eukan, abantaila hori gogoan.

UZEIren arabera, erabiltzaileek sarri galdetzen izan dabe hiztegiaren bersino barritua noz helduko zan. Eskari hori ikusita, barriro dago sarean, beraz. Atzekoz aurrerako hiztegi horretan, 53.000 sarrera baino gehiago dagoz, amaierearen arabera ordenauta. Lexiko orokorreko berbak eta egunerokoan gehien erabiltzen diranak sartu ditue. Esaerak eta onomatopeiak be badagoz, baina izen bereziak kanpoan itxi ditue.

Atzekoz aurrerako hiztegia aproposa da ikerlari batzuentzat eta, jakina, bertsolarientzat. Izan be, errimak topetako tresna eraginkorra da era horretako hiztegi bat. Lankuk eta Xabier Amurizak oraintsu berrargitaratutako Hiztegi Errimatuak be printzipio bera erabiltzen dau errimak antolatzeko, hau da, berben amaiereari begiratzen deutso, hasikerako letrei barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu