Zea Mays kartelburu izango da MAZ Basauri jaialdian

Bizkaie! 2017-02-22 07:56   Musikea

León Benavente eta Fuel Fandango be nabarmendu ditue antolatzaileek. Apirilaren 28an eta 29an eta maiatzaren 5ean eta 6an egingo da MAZ.

Aurtengo edizinoaren kartelaren barri emon dau MAZ Basauri musika jaialdiak. Bertoko eta kanpoko taldeen emonaldiak antolatu ditue. Zea Mays, León Benavente eta Fuel Fandango dira kartelburuak eta, ganera, umeentzako kontzertuak, kaleko emonaldiak eta proiekzinoak egongo dira.

Kontzertu nagusiak Basauriko Social Antzokian izango dira. Izan be, Basauriko Udalagaz batera, Social Antzokia da MAZ jaialdiaren bultzatzaile nagusia. Lehenengo egunean, apirilaren 28an, Zea Mays talde bilbotarra izango da protagonistea. Harro diskoa plazaratu barri, hamarkada biko ibilbidea ospatuko dau Zea Maysek Basaurin. Rural Zombies eta Albert Cavalier dira egun horretako beste gonbidatuak.

Apirilaren 29an, ostera, León Benavente laukotearen txandea izango da. 2 izeneko diskoa argitaratu barri dau Espainiako talde horrek. Enric Montefuscok joko dau León Benaventeren aurretik.

Maiatzaren 5ean izango da Social Antzokiko hirugarren eta azken kontzertua, Fuel Fandango kartelburu dala. Flamenko ikutudun soul, funk eta elektronika doinuak ekarriko ditu Basaurira. Unclose izango da gaueko beste taldea.

Jarduera osogarriei jagokenez, maiatzaren 6a ekintzaz beteta etorriko da Basaurira. Alde batetik, TxikiMAZ zikloa egingo dabe egun horretan, umeentzat. TxikiMAZen barruan, kanta ezagunen bersinoak egokituko ditu Las Morenas taldeak eta Balio magikoak ikuskizuna egingo dabe Eva Laordenek eta Oliver magoak. Beste alde batetik, kalean kontzertuak eskainiko ditue hiru taldek: Semejantes, Magnetico Robot eta Donna Versus dira.

ZineMAZ zikloaren barruan, maiatzeko eguen guztietan, musikeagaz lotutako filmak proiektauko ditue Social Antzokian. Omega (José Sánchez-Montes/Gervasio Iglesias), Oasis Supersonic (Mat Whitecross), Gimme danger (Jim Jarmusch) eta Miles ahead (Don Cheadle) dira aukeratutako filmak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu