Barikuan hasiko da Bilbao Distrito Jazz zikloaren 18. edizinoa

Bizkaie! 2017-02-14 10:47   Musikea

Bilboko Udalak eta Bilbaina Jazz Club alkarteak antolatutako zikloan lau emonaldi egongo dira, hurrengo lau barikuetan.

Jazz musikea ardatz hartuta, kalidadezko eta gaur egungo emonaldiak Bilboko auzoetara eroatea da Bilbao Distrito Jazz zikloaren helburua. Horregaitik, kontzertuak uriko barruti guztietara eroaten ahalegintzen dira. Oraingo edizino honetan, 18.ean, Begoñan, Otxarkoagan eta Errekalden izango dira hitzorduak, baita Juan Crisóstomo Arriaga konserbatorioaren egoitzan be.

Dobako kontzertuak dira Bilbao Distrito Jazzekoak. 18. edizinora heldu dan ezkero, ondo finkatutako hitzordua dala dino Bilboko Udalak. Oraingoan, jazzaren barruko estilo ugari batzea erabagi dabe antolatzaileek eta berton sortzen dan musikeari lehentasuna emotea, baina kanpoko musikariei be tartea eginaz.

Lehenengo kontzertua barikuan, hilak 17, izango da, 19:30ean (emonaldi guztiak izango dira ordu horretan). Begoñako udaltegian, euskal musikarien kontzertua atondu dabe. Amsterdamen bizi dan Unai Olabarri artista bilbotarra buru dauen Half Quartet Plus Two taldeak zabalduko dau programazinoa.

Hard bop, cool eta free eraginak dituan laukote horretako kideek Musikenen ezagutu eben alkar. Saxofoi altu bi, baxu elektrikoa eta bateria dituan ezohiko taldea da Half Quartet Plus Two, eta formazino horrek soinu modernoa emoten deutso.

Hurrengo hitzordua martiaren 24an izango da, Sarriko auzoko Juan Crisóstomo Arriaga konserbatorioaren egoitzan. New Yorkeko eszenako piano jolerik ezagunenetako bat, Jacob Sacks, eta haren taldea izango dira oholtzan.

Martiaren 3an, Otxarkoagako udaltegian, Miguel Fernández Quartet izango da protagonista, musikari euskaldun eta katalanek osotutako taldea. Amaitzeko, martiaren 10ean, Errekaldeko udaltegian, Martin Leiton eta bere taldearen txandea izango da.

Antolatzaileek zikloaren bideoprogramea egin dabe (hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu