Taldekako Bertsolari Txapelketea egingo da Bizkaian lehenengoz

Bizkaie! 2017-02-14 08:08   Bertsolaritzea

30 taldetan banatuta, Bizkaiko eskualde guztietako 200 bat bertsolarik parte hartuko dabe txapelketa barrian.

Gipuzkoan legez, Bizkaian be taldekako txapelketa bat antolatzeko urratsa egin dabe lehenengo aldiz. Gipuzkoakoa orain dala asteburu bi hasi zan eta Bizkaikoa orain hasiko da. Hamar kanporaketa, hiru finalaurreko eta bagilaren 3ko finala jokatuko dira.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez, Taldekako Txapelketearen bidez, herrialdeko bertsogintzearen oinarrietan eragin gura dabe, hau da, herrietan eta eskualdeetan. Gune ludiko bat eskaintzea da txapelketa barriaren asmoa, lagunarteko giroan saioak antolatzeko. Txapelketa handietatik kanpo dagozan bertsolarientzako hitzordu aproposa izan leiteke hau, alkartearen ustez. Esaterako, txapelketak itxita daukiezenentzat edo hasibarrientzat.

2015ean hasitako gogoeta prozesua da txapelketa barriaren abiapuntua. Bizkaiko Bertsozale Alkartearen helburua da, bertsolaritzearen ekosistema osoa eskualdez eskualde elikatzea, baita bertsogintzearen oinarria motibatu, finkatu eta garatzea be. Bide horretan, taldekako txapelketea lagungarri izango litzatekeela ikusi zan 2015eko gogoetan.

Txapelketetan dabizan eta ez dabizan bertsolariei lekua egiteaz ganera, epaile eta gai-jartzaile barrien harrobi izango da taldekoakoa. Eskualdeen eta bertso eskolen arteko hartu-emona indartzeko topaleku be izango da.

Lehenengo edizino honetan, 30 taldek emon dabe izena. Gitxienez sei kide dagoz bakotxean (hiru bertsolari, gai-jartzaile bat, epaile bat eta laguntzaile bat). Guztira, 200 lagun inguru dagoz taldeotan. Bizkaiko Bertsozale Alkarteak taldeen jatorria azpimarratu dau, herrialdeko eskualde guztietakoak dagozalako.

Lehenengo faserako, hiruna taldeko hamar moltsotan banatu ditue taldeak. Saio banatan batuko dira moltsoetako parte-hartzaileak eta irabazleek egingo dabe aurrera. Beraz, finalurrekoetan hamar talde egongo dira, hiru moltsotan banatuta (hiruko bi eta lauko bat). Hiru talde onenek finala jokatuko dabe, bagilaren 3an.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak ariketa puntuagarri batzuk zerrendatu ditu, saio bakotxean lantzeko, baina taldeak ados jarri ezkero, aldatu egin leitekez. Saioetako irabazleak aukeratzeko orduan, epaileen eta publikoaren eretxia aintzat hartuko da.

Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketearen irudia Malen Amenabarrek marraztu dau. Ilustratzailea eta bertsolaria da bera, eta txapelketan parte hartuko dau (Larrabetzuko Itallen taldean).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa