'La La Land', Bafta sarietan be irabazle

Bizkaie! 2017-02-13 10:56   Zinemea

Zinemearen eta Telebistearen Britainiar Akademiaren sarietan bost sari irabazi ditu Damien Chazelleren musikalak. Tartean, pelikularik onenaren garaikurra.

Oscar sarietarako bidean, La La Land filmak indartsu segiduten dau. Hasteko, Urrezko Globoetan sari ugari irabazi zituan eta, bart, BAFTA sarietan, barriro izan da galako protagonistea. Oraingoan, bost garaikur lortu ditu (hamaika izendapen zituan).

Pelikularik onenaren saria irabazi dau Chazelleren musikalak eta Emma Stonek emakumezko aktorerik onenarena. Damien Chazellek zuzendari onenaren BAFTA irabazi dau. Ganera, La La Land-entzat izan dira argazkirik onenaren eta jatorrizko musikarik onenaren garaikurrak.

Esku hutsik geratu da, ostera, Ryan Gosling, Emma Stonegaz batera filmeko protagonista nagusia dana. Gizonezko aktore onenaren sarirako hautagaia izan da, baina Casey Affleck-ek irabazi dau, Manchester by the sea filmean egindako lanari esker. Gidoi onenaren saria be irabazi dau Manchester by the sea-k.

Bigarren mailako aktoreen kategorian, Viola Davis emakumezkoetan (Fences) eta Dev Patel (Lion) izan dira irabazleak. Ingelesez ez dan filmik onenaren garaikurra Saul fia hungariarrak irabazi dau eta animazinozko pelikularik onena Kubo and the two strings izan da.

Ganera, BAFTA sarietako antolatzaileek Mel Brooks aktore, zuzendari eta produktorea omendu dabe galan. Ohorezko Saria emon deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu