Animazinozko zinemearen nazinoarteko jaialdia antolatuko dabe Bilbon martian

Bizkaie! 2017-02-10 08:37   Zinemea

Profesionalentzat zein zaleentzat erreferente bihurtzea da ANIMAKOM jaialdiaren helburua. Bilbao Berrikuntza Faktorian egingo dabe, martiaren 16tik 19ra.

Sail ofiziala eta beste jarduera asko izango ditu ANIMAKOMen lehenengo edizino honek. Bertoko zein nazinoarteko animazinozko zinemeak azkenaldion emondakoa erakustea izango da asmoa. Izena emoteko epea zezeilaren 20ra arte amaituko ez dan arren, 300 film inguru jaso ditue antolatzaileek dagoeneko, jaialdian parte hartzeko.

Alde batetik, film laburren sail ofiziala izango dau ANIMAKOMek. Genero horretako azken nobedadeak ezagutzeko aukerea egongo da hor. Bestetik, sortzaile gazteentzako saila egongo da, lehiaketa formatukoa. Hor, ikus-entzunezko alorrean dabizan ikasleen sormena ikusi ahal izango da, etorkizuneko animazinoaren bideak zeintzuk izango diran ezagutzeko.

Ganera, emakumeek egindako zinemagintzan arreta berezia ipiniko dau ANIMAKOMek. Urtero Ohorezko Sari bat emotea da asmoa, animazinoaren alorrean ekarpen aberatsa egin daben emakumeen ibilbideak saritzeko. Jaialdiko programazinoa jarduera osogarriakaz biribilduko da: Atzera begirakoak, tailerrak eta abar.

Pedro Rivero zuzendari bilbotarra da ANIMAKOM jaialdiaren bultzatzaile nagusia. Oraintsu Goya saria irabazi dau animazinozko pelikularik onenaren atalean, Psiconautas, los niños olvidados filmagaitik. Urte askotako esperientzia dauka Riverok eta Bilbon animazinozko filmen jaialdi bat sortzera bideratu nahi dau ikasitako guztia. Era berean, Riverok alboan izango ditu beste eragile asko: Zinebi, SGAE Fundazinoa, Bilbao Web Fest eta abar.

Martiaren 16tik 19ra bitartean egingo dabe ANIMAKOM, Bilbao Berrikuntza Faktorian. Uribitarten dago eraikin hori. Antolatzaileen esanetan, sortzaileentzat zein zaleentzat erreferentzia izan nahi dabe. Ganera, bestela Bilbon ikusiko ez litzatekezen filmak ekartea be bada asmoa.

2017/03/16 - 2017/03/19

Bilbon, Bilbao Berrikuntza Faktorian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu