Bilbo mozorrotzeko idea grafikoen lehiaketea martxan ipini dabe

Bizkaie! 2017-02-08 08:43   Kulturea

Papelean zein formatu digitalean, uriko eraikinei aratusteetako ikutua emoteko proposamenak hartuko ditue, martiaren 7ra arte. Lehiaketearen 5. edizinoa da.

2016ko diseinu irabazlea (argazkia: Bilbao Historiko) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aratusteen inguruan antolatzen dan lehiaketa berezia da honako hau, Bilboko leku ezagunei mozorroa topetako asmoz. Bilbao Historiko alkartea eta Gargantua konpainia dira bultzatzaileak. Umorea eta ondo pasetea helburu, ateraldi grafikoak bilatzen ditue.

Bilboko Udaleko Jaietako zinegotzi Itziar Urtasun, Bilbao Historikoko presidente Unai Aizpuru eta Gargantua konpainiako Marino Montero egon dira lehiaketearen aurkezpenean. Bertan azaldu dabenez, disziplina arteko lehiaketea da eta edozein teknika onartzen dabe. Papelean marraztutako ideek zein era digitalean aurkeztutakoek parte hartu leikee.

Beste ikuspegi batetik aratusteak disfrutetako aukerea emon nahi dogu, azaldu dabe antolatzaileek, uri guztia mozorrotzea nahi dogu. Bilboko eraikinetarako, txoko ezagunetarako eta abarretarako mozorroen proposamenak aurkeztu leitekez. Inoz pentsau dozu fosteritoak zigala baten modukoak dirala? Edo Arenaleko kioskoa ostra handi baten modukoa dala, perla eta guzti? Orduan, hauxe da zure lehiaketea, holan erakarri nahi ditue parte-hartzaileak.

Erronkea umore onez hartuko dauen edonori zuzendutako lehiaketea dan arren, dei berezia egin deutsie 12 urtera arteko umeei, sormen handiko kolektiboa dalako. Ziur gagoz neska-mutilek Bilbo alaiago eta koloretsuago bategaz amesetan egiten dabela, dinoe ekimenaren bultzatzaileek.

Martiaren 12ra arteko epea dago proposamenak aurkezteko. Diseinu grafikoaren, kulturearen zein arkitekturearen alorreko adituak egongo dira epaimahaian. Irabazleari 150 euroko saria emongo deutsie, bigarrenari 100 eurokoa eta hirugarrenari 50ekoa. Ganera, diploma bana eta uriko jatetxe ezagunetan menua jateko aukerea irabaziko dabe lehenengo hirurek. Umeentzako sari gehiago egongo dira.

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusgai egongo dira Bilbao Historikoren egoitzako Expogela aretoan. San Frantzisko kaleko 32. zenbakian dago alkarte horren egoitzea. Proposamenak be bertan entregau behar dira, edo helbide elektroniko honetara bialdu: expogela@bilbaohistoriko.org

Oinarriak, hemen.

Unai Aizpuru, Itziar Urtasun eta Marino Montero, lehiaketearen aurkezpenean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu