Bilbaoeszenak 'Artistak egoitzan' programearen 9. edizinorako deia egin dau

Bizkaie! 2017-02-06 11:35   Kulturea

Sorkuntzea bultzatzeko erresidentzia artistikoen programea da. Artistek zein konpainiek martiaren 12ra arteko epea daukie proposamenak aurkezteko.

Bilboko Udalaren Kultura Sailak, Bilbaoeszena erakundearen bidez, antolatzen dau Artistak egoitzan programea. Urian arte eszenikoen alorreko sorkuntzea, ikerketea eta barrikuntzea bultzatzea da helburu nagusia. Horretarako, urtero deialdi bat egiten da, artistek edo konpainiek erresidentziak egiteko aukerea izan daien. 2017koa 9. edizinoa da.

Martiaren 12ra bitarteko epea daukie sortzaileek euren proposamenak aurkezteko, inprimaki ofiziala beteta (Bilboko Udalaren eta BAD Bilbaoren webguneetan ipini dabe). Artistak bakarrik edo taldeka aurkeztu leitekez. Euskal Herriko artistak eta konpainiak onartuko ditue antolatzaileek.

Bilbaoeszenako adituek lau proposamen aukeratuko ditue, Artistak egoitzan programearen laguntzinoa jaso daien. Aukeratutako proiektuetatik bat, gitxienez, euskerazko sormenerako gordeko da. Aukeratuetako bakotxak 3.000 euroko diru-laguntzinoa izango dau eta baita laguntzino teknikoa eta artistikoa be, proiektua garatu ahal izateko. Bilboko Udalak azaldu dauenez, artisten esku ipiniko dira beharrezko baliabideak eta instalazinoak.

Egoitza bakotxa gehienez 25 egunekoa izango da eta, bertan, modu trinkoan landuko da proiektua. Bilbaoeszenako lokalak ez eze, uriko beste azpiegitura batzuk be erabiliko dira erresidentzietarako. Ahal dala, garagarrila eta urria bitartean izango dira, Bilboko Udalak azaldu dauenez. Artistak egoitzan programearen emoitzea adituen zein publikoaren aurrean erakutsi ahal izango dabe sortzaileek, BAD Bilbao jaialdian edo Udalak antolatutako beste hitzordu batzuetan.

Artistak egoitzan egitasmoaren bidez, antzerkiaren eta jantzearen ikuspegi barritzailea eta ikerketea bultzatu nahi dira. Beste disziplina batzuek be lekua daukie deialdian, esaterako zirkuak eta kale antzerkiak. Ganera, sorkuntzarako talentua erakarri nahi da.

Deialdiaren inguruko informazinoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu