Eresbil artxiboak eta Xenpelar dokumentazino zentroak hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2017-02-03 12:36   Bertsolaritzea

Alkarlanean ibiliko dira, musikearen eta bertsolaritzearen ikus-entzunezko ondarea jagoten eta zabaltzen.

Oihana Aranburu, Nere Erkiaga, Jon Bagüés eta Aritz Zerain (argazkia: XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

Villabonako Subijana etxean sinatu dabe lankidetza hitzarmena Eresbil Musikearen Euskal Artxiboak eta Xenpelar Dokumentazino Zentroak. Bata musikearen alorrekoa da eta bestea, bertsolaritzakoa. Eresbilen izenean Jon Bagüés zuzendaria egon da ekitaldian. Xenpelarrek hiru ordezkari izan ditu: dokumentazino zentroko koordinatzaileak (Nere Erkiaga eta Oihana Aranburu) eta Aritz Zerain Mintzola Ahozko Lantegiko koordinatzailea.

Akordio horren bidez, Eresbilen eta Xenpelarren asmoa da, musikearen eta bertsolaritzearen ikus-entzunezko ondarea jagon eta zabaltzeak gaur egun dakarzan erronkei alkarregaz aurre egitea. Erakunde bien artxiboen ahalik eta ustiapen handiena egiteko eta informazino zerbitzuak hobetzeko balioko dau.

Erakunde biek esperientziak eta ezagutzak partekatuko ditue, hitzarmenaren arabera. Hartara, bertsolaritzearen eta musikearen arteko hartu-emona sendotu nahi dabe. Ganera, Mintzola lantzen dabilen munduko kantu inprobisatuen artxiboaren inguruko alkarlana bultzatuko da.

Eresbil 1974an sortu zan, euskal musikea ikertu eta zabaltzeko. Xenpelar, ostera, 1991n hasi zan martxan, Bertsozale Alkartearen ekimenez, bertsolaritzearen ondarea batzeko. Erakunde bien arteko hartu-emona aspaldikoa da eta, lankidetza hitzarmenaren bidez, sendotu egingo da lotura hori.

Bien arteko alkarlanak pasadizoren bat edo beste be eragin dau. Deigarriena, beharbada, ezagutzen dan bertso grabazinorik zaharrenaren ingurukoa da. Bertso berriak por Asteasu y Txirrita izeneko grabazinoaren ale bana daukie Xenpelarrek eta Eresbilek. Izenburuan aitatzen dan Asteasu hori nor dan ez dagoanez garbi, Xenpelarrekoek pentsau eben Pello Errota zala (besteak beste asteasuarra zalako eta Txirritagaz sarri abesten ebalako). Eresbilen datuen arabera, baina, Pello Errota ezin da izan, 1919an hil zalako, grabazinoa 1927 bueltakoa dan artean. Joxe Mari Solozabal dala uste dau Eresbilek eta, gaur egun, hori jotzen da ontzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu