Basoa gunean izango diran artisten barri emon dau Bilbao BBK Live-k

Bizkaie! 2017-02-03 10:27   Musikea

Baldo, Honey Soundsystem, Javi Green, Mike Servito eta Nicola Cruz egongo dira Bilbao BBK Live jaialdiko DJen gunean, aurretik iragarritako beste artistakaz batera.

Igaz ipini eben martxan Basoa, jantzarako, musika elektronikorako eta DJentzako eremua, Bilbao BBK Live jaialdiaren barruan. Lehenengo edizinoan izandako arrakastea dala eta, aurten barriro egongo da Basoa gunea Kobetan. Hiru egunez, garagarrilaren 6tik 8ra, jantzan egiteko musika ahaztezinaz disfrutetako aukerea egongo dala dinoe antolatzaileek.

BBK Live jaialdiko arduradunen esanetan, Basoa guneko aurtengo kartela igazkoa baino oparoagoa da. Hamabost artista egongo dira oholtzan. Batzuk lehendik egon dira iragarrita eta ganerako bosten barri emon dabe antolatzaileek:

Baldo Espainiako musikearen abangoardian dagoan musikaria da, underground girokoa eta modetatik kanpo. Bere set guztietan deep, acid, tech-club, Detroit eta Chicago soinuak ez dira falta. Honey Soundsystem, ostera, Kalifornia aldean dabil eta San Frantzisko uriko jantzan egiteko estiloa aldatu dau. DJak ez eze, produktore eta diseinatzaileak dira talde honetako lau kideak.

Bestetik, Javi Green bilbotarra be Basoan izango da. Gaur egun Eivissako klub ospetsuenetan ibilten da musikea ipinten. Mike Servitok, ostera, jantzan egiteko edozein musika bereganatzen dau, izan tekno zein house. Mixak egiteko dauen gaitasunagaitik, bat-batekotasunaren maisua da. Amaitzeko, Nicola Cruz Quiton bizi dan frantziarra da. Hainbat jokeratako doinuak nahastauta sortzen dau bere ikuskizuna.

Horreek bostak dira Basoa guneko zerrendara batuko diran azken izenak. Ganera, lehendik baieztauta egon dira honeek: Andrew Weatherhall, Bawrut, The Black Madonna, Daphni, Dixon, DJ Tennis, Job Jobse, Lena Willikens, Marvin & Guy eta Motor City Drum Ensemble.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu