Jon Azpillaga bertsolaria hil da

Bizkaie! 2017-02-02 12:33   Bertsolaritzea

Euskal Herriko finalista lau aldiz izan zan eta Bizkaiko txapeldun 1961ean. 81 urtegaz hil da.

Jon Azpillaga (argazkia: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Joan dan mendeko bigarren erdiko Bizkaiko bertsolaritzearen ordezkari esanguratsuenetako bat hil da, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak jakinarazo dauenez. Gipuzkoarra jaiotzez, baina Bizkaiagaz lotura handikoa izan zan Azpillaga. Txapelketetan ekarpen handia egin eban eta behin izan zan Bizkaiko txapeldun.

1935ean jaio zan Jon Azpillaga, Pasaian. Besoetako umea zala Berriatura joan zan bizi izaten, familiagaz. Han hazi eta bertsozaletu zan. Lehenengo plazak Lea-Artibai inguruan egin zituan, gazte-gaztea zala. Baserrian lan egin eban eta, ondoren, Ondarroan be ibili zan bolada batez. 1960an Mutrikura ezkondu eta, harrezkero, Bizkaia eta Gipuzkoaren artean ibili zan.

1960ko hamarkadatik, makina bat plaza egin zituan eta sasoi haretako trabei aurre eginaz, bizirik eutsi eutsan Bizkaiko bertsolaritzeari. Jon Lopategiren alboan egindako plazak gogoan ditue zaleek. Gizarte gaiak landu zituan, besteak beste, bere bertsoaldietan, bere belaunaldiko beste bertsolari konprometidu batzuen moduan.

Txapelketetan emoitza bikainak lortu zituan Azpillagak: Euskal Herriko Txapelketa Nagusian lau aldiz heldu zan finalera, txapelketearen aro zaharrean zein modernoan: 1960, 1962, 1980 eta 1982an. Lorpenik handiena, txapelketetan behinik behin, 1961eko Bizkaiko Txapelketakoa izan zan, irabazlea izan zan eta.

Jon Azpillaga goizeon hil da, 81 urtegaz.

Jon Azpillaga eta Jon Lopategi, aspaldiko kantulagunak, batu zituan Bertsolari aldizkariak argazki honetan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu