Euskal Herriko hirugarren domeinua izan nahi dau PuntuEus-ek

Bizkaie! 2017-02-02 09:24   Euskerea berbagai

Iñaki Goirizelaiaren gidaritzapean, aro barria hasi dau PuntuEus Fundazinoak. Plan Estrategikoan esaten danez, komunidade zabalagoa eta biziagoa sortzea da helburua.

Iñaki Goirizelaia eta Joan Mari Torrealdai (argazkia: Puntu Eus Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Joan Mari Torrealdairen lekukoa hartu eta PuntuEus Fundazinoko lehendakaria da Iñaki Goirizelaia, EHUko errektore ohia. Andoni Sagarnaren eta Joan Mari Torrealdairen ostean, hirugarren lehendakaria dau alkarte horrek. Izendapena orain dala egun batzuk ezagutu zan arren, Goirizelaiak atzo hartu eban kargua eta, ekitaldi berean, aurrera begirako helburuak zehaztu zituan fundazinoak.

Hain zuzen be, 2020ra bitarteko Plan Estrategikoan jasoten dira PuntuEus Fundazinoak hurrengo urteetan izango dituan asmo nagusiak. Haztea eta euskal komunidadean erreferentziazko bihurtzea dira helburuak, planean argi eta garbi esaten danez. Euskal Herriko webguneetan erabilten diran domeinuen artean, .eus hirugarrena izatea da jomugetako bat.

Euskal Herriko hirugarren domeinua izateko bidean, hainbat pausu emon nahi ditu fundazinoak. Plan Estrategikoak dinoanez, komunidade zabalago, handiago eta biziago bat lortzea ezinbestekoa izango da eta, markea indartzeari jagokonez, .eus euskal ingurune digitaleko lehenengo erreferentzia izatea.

Bestetik, Plan Estrategikoko helburu nagusietako bat da ingurune digitalean euskerearen erabilerea handitzea. Izan be, euskerearen eta euskal gaien domeinua da .eus. Hizkuntzea erabilgarri, ikusgarri eta baliagarri izatea, baita ingurune digitalean be, horra erronkea.

2014ko abenduan domeinua merkadura atera zanetik urte bi pasau dira eta dagoeneko 6.300 bat domeinu-izen dagoz erregistrauta .eus amaieradunak. Hedapen aproposa da hori, PuntuEus Fundazinoko arduradunen esanetan eta, beraz, prezioak egoera barrira egokituko ditue. Orain arte 50 euro inguru balio izan dau domeinua eskuratzeak eta, aurrerantzean, merkeagoa izango da: Erregistroa 29 euroan egin ahal izango da eta domeinu-izen bat barritzea, 25 euroan.

Josu Waliño PuntuEuseko zuzendariak azaldu dauenez, erabiltzaileek sarri eskatu izan dabe prezioa merketzeko, beste domeinu batzuen parean egoteko, baina orain arte ezinezkoa izan da. Behin 6.000 erabiltzaileen mugea gaindituta, ostera, prezioa egokitzeko aukerea izan dau fundazinoak.

Iñaki Goirizelaia izango da, beraz, PuntuEus Fundazinoko lehendakaria aurrerantzean. Kargua hartzeko ekitaldian, bide batez, fundazinoaren patronatua be barritu da. Honeek dagoz patronatu horretan: Kontseilua, Euskal Idazleen Alkartea, EKE, ESLE, Euskaltel, Euskaltzaindia, EHU, EITB eta PuntuEUS Alkartea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu