Nicholas Angelich izango da bakarlari gonbidatua, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren programa barrian

Bizkaie! 2017-01-27 10:19   Musikea

Gaurtik zezeilaren 2ra, hainbat kontzertu emongo ditu EOSek Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon. Nicholas Angelich piano-jolea Beethovenen musikan aditua da.

Nicholas Angelich piano-jolea (argazkia: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

EOSek berak ohar baten zabaldu dauenez, abonu-denporaldiko proposamen barria pisu handiko arrazoiz beteta dator. Esate baterako, Nicholas Angelich piano-jole amerikarra lehenengo aldiz izango da Euskadiko Orkestrearen bakarlari gonbidatua. Beethovenen musikea ondo baino hobeto ezagutzen dau eta Euskal Herriko kontzertuetan konpositore alemaniarraren Pianorako 4. Kontzertua interpretauko dau.

Beste alde batetik, aitagarria da La flor más grande del mundo izenburuko ikuskizuna estreinauko da Donostia eta Gasteizko emonaldietan. Emilio Aragonek idatzitako obra horren bersinoa, Gautena, Aspace eta Uliazpi alkarteetako kideakaz hasitako alkarlanari esker sortu ahal izan dau EOSek, Soinu Mosaikoa proiektuaren barruan. Urtebetez lanean ibili dira proiektuko alkarte parte-hartzaile guztiak.

Gaur, urtarrilak 27, eta astelehenean, hilak 30, Donostiako Kursaalean eskainiko dau EOSek La flor más grande del mundo. Ondoren, Gasteizko Principalen aurkeztuko dau, zezeilaren 2an.

Beste eskaintza musikal zabal bategaz biribilduko dau EOSek abonu-denporaldiko programa hau. AEOS-Fundación BBVA konposizino sariketako VII. edizinoko obra irabazlea eroango dau orkestreak Bilbora eta Iruñera. Fragmentos del satiricón izenburua dauka obreak eta Fernando Buidek idatzi dau. Urtarrilaren 31n Iruñeko Baluarten aurkeztuko dabe proposamen hori eta, zezeilaren 1ean, Bizkaiko uriburuko Euskalduna jauregian.

Lau urietako programazinoa osotuteko, Txaikovskiren Romeo eta Julieta laneko obertura-fantasia interpretauko dau EOSek, Ainars Rubikis zuzendari dala. Beraz, Rubikis bueltan da EOSen zuzendaritzara, igaz arrakasta handiz debuta egin eta gero. Nicholas Angelich piano-jole gonbidatua be emonaldi guztietan egongo da, Beethovenen obrak joten.

Emonaldi guztiak iluntzeko 20:00etan hasiko dira. Antzokietako lehiatiletan zein EOSen webgunean erosi leitekez sarrerak. Merkeenak 7 euroan dagozala dinoe orkestrako arduradunek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu