Zazkel, Royal Blood eta Brian Wilson be Bilbao BBK Live jaialdian izango dira

Bizkaie! 2017-01-27 08:04   Musikea

Udan Kobetako eszenatokian joko dau Zazkelek, 2016ko Banden Lehia irabazi ebalako. Bestetik, Brian Wilson The Beach Boys talde ospetsuaren sortzaileetako bat izan zan.

Bilbao BBK Live jaialdiaren hurrengo edizioa garagarrilaren 6tik 8ra ospatuko da. Aurreko asteetan egitarauko izar handienetako batzuen barri emon eben antolatzaileek (Depeche Mode, The Killers, Die Antwoord, Phoenix, Two Door Cinema Club...) eta, orain, kartelean egongo diran beste hainbat talde aitagarri iragarri ditue. Kobetan egongo dira Royal Blood britaniarra eta The Beach Boys taldearen sortzaile Brian Wilson. Banden Lehia irabazi dauen Zazkel talde bilbotarra be oholtzan izango da.

Royal Blood bikotea modako taldea bihurtu da 2015ean ospea lortu ebanetik. Lehenengo diskoa argitaratu aurretik be, jente guztiak haren inguruan berba egiten eban, Bilbao BBK Liveko antolatzaileen esanetan. Bikote ingelesak energia handiko rock-a egiten dau, blues eta garage estiloen ikutuakaz. Gitarrarik erabil barik soinu indartsua lortzen dabe.

Brian Wilson, bere aldetik, musikearen eta surf kulturearen enbaxadorea dan The Beach Boys Kaliforniako taldearen sortzailea izan zan 1961ean. Pet Sounds diskoko kantak eroango ditu Bilbora, hau da, The Beach Boysen lanik ezagunenetako batekoak. Rock musikearen maisulantzat jo dabe adituek.

Bertoko ordezkariei jagokenez, Zazkel taldea be Kobetamendin izango dala aurreratu dau Bilbao BBK Livek. Dana dala, gauza jakina zan bilbotarrak jaialdian egongo zirana, Banden Lehia irabazten dauenak Bilbao BBK Liven joteko aukerea lortzen dau eta. Azkue Fundazinoak antolatzen dau urtero Banden Lehia, euskal musika talde hasibarriei bultzadea emoteko.

Estiloen nahasketa originala dakar Zazkel talde gazteak. 1980ko euskal pop musikea, afrobeat estiloa eta disko erako doinuak buztartzen ditu. Jantzan eragiteko musikea da.

Ganera, Bilbao BBK Liven egongo diran beste talde honeen barri be emon dabe: Explosions in The Sky, Joe Goddard, Aterciopelados, Los Punsetes eta Idles. Antolatzaileek azaldu dabenez, zezeilaren 9ra arteko epea dago jaialdi guztirako bonoa 110 euroan erosteko. Jaialdiaren webgunean bertan eskatu leiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu